urria 30, 2023

MUSIKA ABN eta material manipulatiboak

Duela urte gutxi, eskolan trantsizio bat egin da matematika-ikaskuntzan, eredu tradizionaletik ABN metodo gisa ezagutzen den eredu manipulatibora. Metodo hori Jaime Martínez Monterok sortu zuen eta bere esperientziatik abiatuta, metodo hau garatu zuen: matematika-alderdiak manipulaziozko jardueren bidez landu material desberdinekin: zotzak, kartak, botoiak, dadoak, txartelak...

Musika ere matematika denez, eskolan erabiltzen diren materialak egokitu ditut musika-teoria modu manipulatiboan ere lantzeko.

Nuria Zapiko musika-irakaslearen ideia zoragarriez ere baliatu naiz, urte asko baitaramatza musikaren teoria horrela lantzen, eta bere materialak ezagutu ditudanetik beti izan dut gogoa nire saioetan zerbait egokitzeko, eta ikasturte honetan iritsi da unea. Bere lana ikusi nahi baduzue KLIKATU HEMEN.

Material hauek erabiltzen ditugunean gela txokotan antolatzen det eta talde bakoitzak lan bat egiten du. Saio batean ez du denbora ematen ikasle denek txoko guztietatik pasatzeko, oso denbora gutxi daukagulako. 

Musika-tresnak erabiltzen ditugunean gela bitan zatitu izaten dut eta nirekin jotzen dauden bitartean besteek fitxa bat egiten dute aldaketa egin bitartean. Material hauek ere fitxak ordezkatu daitezke.

 1. MAILA

Lehenengo mailan musika idazkuntzaren hastapena egiten dugu: zer den pentagrama, zertarako balio duen sol giltza, noten kokapena bai marretan eta tarteetan nola gauzatu... Kontzeptu hauek esperimentazioaren bidez lantzen badugu ere material hauek oso lagungarriak izan dira musika idazketa hasiera honetan.

Sol giltzako proposamen honetan lehendabizi taldeko lan bat egin dute. Launaka jarrita, ikasle bakoitzak marraztuta dagoen sol giltzan hatzarekin 3-4 aldiz birpasatu behar izan du. Ondoren bakoitzari plastilina zatitxo bat banatzen zaio "txurrito" forma egin dezan, eta azkenik asterisko gorrian hasita denon artean sol giltza osatu behar dute txurrito zati guztien bidez


Beste saio batean plastilina erabili beharrean, banaka, berriz ere lehendabizi hatzarekin birpasatu behar dute eta ondoren errotulagailuz beraiek bakarrik marraztu behar izan dute. Errotulagailuarekin ere lau aldiz marraztu dute eta egindakoa ezabatzeko trapotxo bat erabili dute.


Pentagrama ezagutu izan dugu abesti eta dantzaren bitartez eta lurrean dugun pentagrama erraldoiarekin marretan eta tarteetan jolas desberdin gauzatu ditugu. Beste saio batean A3ko pentagrama batean pinza hauekin marra eta tarteen posizioa markatu behar izan dute. Erreza dirudien arren, askok zailtasunak dituzte tarteak sailkatzeko, beraz ariketa hau behin baino gehiagotan landuko dugu. Ongi barneratzen dutenean koadernoan fitxak burutuko dituzte.

                                            

Ideia hau Nuria Zapikok partekatu zuen. Mila-mila esker!


1. MAILA-2. MAILA

Ondoko proposamena ere Nuriaren lanatik atera det. Mailaren arabera eskala musikala ikasteko, sendotzeko eta errepasatzeko erabili dezakegu. Hau ere Nuriaren ekarpena izan da ;-) 


Azpian dagoen materiala puzzle bat da. Irudi musikalak eta haien isiluneen puzzlea da. 


Ideiaren jatorria: aprendiendoconmontessori

Beste proposamen honetan pentagramako notak (landuko ditugunak) errepasatuko dituzte.




3. MAILA

1. TXOKOA:  ikastetxeko matematika ABNko materiala aprobetsatzuz musikarako moldaketa bat egin dut eta irudi musikalen proportzioak regletaren bidez ikusten hasi gara. Txantilloian irudi bakoitzari dagokion egurtxoa aukeratzen dute eta proportzioak lantzen ditutzte batuketa-biderketa moduan oso bisualki. 
 




Ideiaren jatorria: creciendoconmontessori

2. TXOKOA: 3. mailan eskala musikala bai goraka bai beheraka ere manipulatzen dute eta gogoratzeko zein errepasatzeko oso baliagarri egiten ari zait. Gainera material hau asko gustatzen zaie.

                                    
3. TXOKOA:Hurrengo materialarekin konpasak eta erritmo irakurketa landuko dute. Osatzerakoan txalo-izterretan jo beharko dute.



Ideiaren jatorria: musicaviva

4. TXOKOA: Datozen materialarekin nota musikalak A4ko pentagrama batean jarri beharko dute koloretako fitxa batzuk erabiliz. Txoko honetan instrukzio testu hau jarraitu beharko dute notak kokatzeko. Txandaka, ikasle bakoitzak lerro bat egingo du.




Ideiaren jatorria: etsy

5. TXOKOA: txoko honetan marran eta tarteetan jartzen diren notak sailkatu beharko dituzte (mila esker Nuria ideia honengatik!)

                                            


4. MAILA

1. TXOKOA: Baliokidetasunak errepasatzeaz gain maila honetan aurrerago puntutxoa landuko dugunez eta oso baliagarria eta bisuala izango zaigu irudiaren erdia  kontzetua lantzeko.
 




Ideiaren jatorria: creciendoconmontessori

2. TXOKOA: Material hau ere matematika ABNko moldaketa bat da. Kasu honetan pultsu batuketa egin beharko dute.




3. TXOKOA: fitxa musikalak


4. TXOKOA: txoko honetan marran eta tarteetan jartzen diren notak sailkatu beharko dituzte.

                                            


5. MAILA-6. MAILA

1. TXOKOA:  Puntutxoa eta proportzioak errepasatzeko erabiliko dugu.
 




2. TXOKOA:Maila honetan batuketarako irudietan puntutxoa izango dute. Batuketa txartelak urdinak dira zailtasun maila adierazteko.



3. TXOKOA: 5. mailan ukelearekin hasten dira eta noten nomenklatura ingelesa erabiltzen dugunez hau izan daiteke modu bat horiek ikasteko eta ezagutzen joateko. Beste aldaera bat izan daiteke jolas memori batean bihurtzea (Xenki eta Gariren ideia izanda ;-)) 


Ideiaren jatorria: Etsy

4. TXOKOA: Mahai jolas bat da non kasillak aurreratzeko dadoan agertzen diren pultsuak kontatu beharko dituzte. Kasilla bereziak badaude ere karta moduan. Haietan erortzean karta bat hartu beharko dute.




    
Ideiaren jatorria: teacherspayteachers

ekaina 01, 2023

"Pilotarekin". Haur-hezkuntzarako abestia

 Abesti hau Estefanía Guzmán eta Vicente Valverdek konposatutako lana da. Haiek Ba-Ba Haur Hezkuntzarako musika ekimeneko sortzaileak dira eta haurrekin musika lantzeko proposamen asko dituzte.

Ekarri dizuedan honetan oso modu atseginean landu dezakegu pultsazioa haurrekin.  Asmoa da pultsua gorputzaren zati batzuk pilotarekin kolpekatuz eramatea, baita ezkerreko nahiz eskuineko eskua erabiliz ere. Bikoteka ere egin daiteke, kantaren letraren arabera pilota bikotearekin trukatuz. Hemen duzuen bideoan ba-ba proiektuko kideek erakusten digute nola egin behar dugun.


Musikako bertsiorik bakarra aurreko bideokoa denez, eta asko gustatu zaidanez, moldaketa musikala eta ahotsa jarri diot (mila esker Arantzazu letra euskaratzeagatik!). Hementxe uzten dizuet prestatu dudan bideotxoa baita audio deskargarriak ere:









apirila 23, 2023

Munduko abestirik zaharrena

Ez dakit nola hasi blog-sarrera hau, ezin baitut Seikilosko Epitafio izenez ezagutzen den kantarik zaharrenaz hitz egin, hau baino zaharragoa den beste bat aipatu gabe: Ugaritako-Nikkal ereserkia.

Ugaritako ereserkiak antzinakoena izateko ohorea eraman beharko luke, baina abestia ez dago osorik, eta ezinezkoa da gaur egungo notaziora transkribatzea. Horregatik, deszifratzeko eta erreproduzitzeko saiakera asko egin dira eta interpretazio asko daude; dena den, jotzeko moduari buruzko hurbilketa txiki bat lortu da soilik. 


"Ugaritako Hereskia". 1000-1200 urte Kristro aurretikoa. Sumeria-Babiloniakoa, gaur egungo Siria

Seikilo Epitafioa aldiz, bere osotasunean kontserbatutako abestia denez, bere testu eta notazio musikalarekin, zaharrena dela jotzen da. Epitafioa Kristo ondorengo I. mendekoa da, nahiz eta zenbait autorek lehenago jotzen duten, Kristo aurretik II. mendean kokatuz.  

Aintzinako Greziakoa da, eta marmolezko zutabe batean aurkitu zuten, Seikilosek bere emazte Euterperentzat eraiki zuen hilobiaren gainean, Efesotik gertu, egungo Turkian. 


Hau da zutabean agertzen den trankripzioa:

Iturria: https://musicaencriptada.es/2020/01/27/desencriptando-epitafio-seikilos/

-Goikaldeko marratxoek IRAUPENA adierazten dute

-Erdian dauden letrak NOTAK dira

-Azpian, epitafioaren LETRA dago. Hau da itzulpena:

Bizirik zauden bitartean, distira egin, ez duzu inolaz ere ez sufritu behar. Bizitzak gutxi irauten du, denborak dena eskatzen du.



Iturriak:
https://quecuriosidades.com/cancion-mas-antigua-historia/
https://www.labrujulaverde.com/2014/08/la-cancion-mas-vieja-de-la-historia
https://www.pressreader.com/mexico/diario-de-xalapa/20190405/281672551313311
https://www.labrujulaverde.com/2018/07/el-epitafio-de-sicilo-la-cancion-mas-antigua-que-se-conserva-completa-con-notacion-musical-y-texto

apirila 17, 2023

Boecio sistema

Ukelelearen erabilpenari esker, batez ere afinatzen ari garenean, ezagutu dugu nota musikalei izendatzeko beste modu bat: letrak (G-C-E-A) Letra hauek ere akordeak egiten ditugunean irakurtzen ditugu.  

Sarrera honetan, letra hauen jatorria zein den kontatuko dizuet eta horretarako Antzinako Greziara joango gara, garai honetan aurkitzen dugulako notazio sistema honen hasiera; harrigarria, ezta?

Aintzinako greziarrek oso matematikazaleak ziren, bueno, matematikazale eta beste disziplina desberdineko adituak ziren ere. Hauetako greziar bat, Pitagoras izenekoa, proportzioekin esperimentatzen ari zela konturatu zen soka bat proportzio zehatz batzuetan zatitzean entzumenarentzat atseginak ziren soinu batzuk sortzen zirela. 


Hauetako soinu atsegin bat oinarria moduan hartu zuen, gure LA nota dena, eta haien eskala musikalaren lehenengo nota musikala bihurtu zen.  Pitagoras filosofoa, gaur egun erabiltzen dugun musika-afinazioaren asmatzailea izan zen ere. Bideo honetan azalpen praktikoa ikus dezakegu. 


Greziarrei soinu zehatz horiei izendatzeko beharra sortu zitzaien, baina ez ziren asko konplikatu nota musikalentzako izen bat bilatzean; horretarako haien alfabetoa erabili zuten.


Beraz, gorago esan dizuedan bezala, lehenengo notari, gure LA notari dagokiona, ALFA deitu zioten,  bigarrenari BETA hirugarrenari GAMMA, gure SOL notari dagokiona; horrela, hamabost letrara iritsi arte, hau da, hamabost notara. 
Hemen galdera bat proposatzen dizuet: nola iritsi gara gaur egun soilik 7 nota erabiltzera greziarrek 15 nota bazituzten? 

Greziarren ondoren erromatarrak iritsi ziren, eta dakizuenez hauek greziarrek egindako guztia kopiatu eta asimilatu zuten. Bazegoen erromatarren garaian Boecio izeneko erromatar bat greziako filosofoak bezala disziplina desberdinetako gai asko ezagutzen zituena. Teologiaz, aritmetikaz, geometriaz asko zekien, baita guretzat inportantea den disziplinaz ere: musika.

Boeciok greziar alfabetako noten izenak itzuli zituen latindar alfabetora eta greziarren 15 notetara iristeko letra larriak eta xeheak erabili zituen:

A-B-C-D-E-F-G-a-b-c-d-e-f-g

Beraz, momentu honetan pasatu gera 15 noten izenetik, zazpi izenetara. 

Notazio horri Boecioko notazioa esaten zaio, eta Erdi Arora arte egon zen indarrean Guido d’Arezzo izeneko monje italiarra agertu zen arte.
Guido 1000. urte inguruan bizi izan zen eta ekarpen garrantzitsuak egin zizkion musikari, besteak beste, nota musikalei ezagutzen dugun izena jarri zien.

Ut queant laxis,
Resonare fibbris,
Mira gestorum,
Famuli tuorum,
Solve polluti,
Labii reatum,
Sancte Ioannes.

Ingalaterran eta Estatu Batuetan, greziarren noten jatorrizko izena erabiltzen dute: A, B, C, D, E, F, G eta harrigarria bada ere, gaur egun notazio hau musika modernoan erabiltzen dena da.

martxoa 19, 2023

Ukelelearentzat akordeak sortzeko txantilloia

Aurten ukelelearekin hasi gara lanean, eta hasieran zailtasunari eta antolaketari buruzko zalantzak banituen ere, gaur egun mundiala dela esan dezaket; oso-oso gomendagarria.

Gure hastapenetarako bideo batzuk prestatu nituen lehen akordeak lantzeko UKEOKE aplikazioan oinarrituz, baina askoz praktikoagoa iruditu zait txantilloi bat sortzea bideoak askoz errazago egin ahal izateko; horrela, ukelelearekin interesatzen zaidan edozein abesti errazago sortu dezaket.

Lankide baten oparitxoa aurkikuntza moduan baliatuta (miiiiiiiila esker Garazi!!!!!), Gizakia izan nahi dut abestirako bideo bat egin dut txantilloi hau erabiliz ukelearekin jotzeko.


Norbaiti bere sorkuntzak egiteko txantilloi hau interesatzen bazaio, hemen partekatzen dut, eta animatuko bazinaten erabiltzera egokia litzateke zuen lanak ere partekatzea, denon artean eskolako errepertorioa aberasteko. Animo denoi eta musikaz gozatu!

martxoa 09, 2023

Emakumeak musika historian

 DONOSTIAKO MUSIKA ESKOLAK musika kultura zabaltzeko egiten duen lana ikarragarri itzela da. Oraingo honetan musika historian urte askotan ahaztuak izan diren emakumeak gugana ekarri egin dizkigute eta baliabide zoragarri honetan ezagutu ditzakegu. 

Batzuk gelan ezagutu baditugu ere, ikusiko duzuen bezala pila bat izan dira musikan papera inportante bat bete dutenak, baina tamalez urte askotan zehar isilduak izan dira; lan honi esker, ahazteari utziko diegu.


urria 25, 2022

Sinkopa ikasteko abestia

Gelan badira zaia azaltzeko diren kontzeptu teoriko batzuk, eta horien artean, niretzat behintzat, sinkopa da. Puntutxoa abestian bezala, kanta honen helburua hitz erritmikoak erabiltzea izango litzateke erritmoa barneratzeko.

Jakinda da teoria gabe ere ikasleak gai izaten direla imitazio zein errepikapenaren bitartez erritmo hori egiteko, dena den gerorako identifikazioa da lortu nahiko nukena kanta honen melodiaren bidez.

Hori izan da bilatu dudana abesti honen bidez; alde batetik identifikazioa, bestetik barneratzea eta azkenik azalpen teorikoa sendotzea. 

urria 11, 2022

JAMBOARD eta PCaren urruneko kontrola

Sarrera honetan erakutsiko dizuet NOLA erabili Googleleko JAMBOARD izeneko arbel digitala  erabiltzen ditugun fitxetan bertan idatzi ahal izateko. Azalpenak eta zuzenketak egiteko oso tresna ona iruditzen zait. Normalean egiten dudana da erabili beharreko fitxaren kaptura bat eta Jamboarden txertatzen dut (kopiatu-itsatsi).

Eta gelan ez badugu arbel digitalarik, proiektorea baizik?

PCaren URRUNEKO KONTROLA

Nire kasuan bi gela ditut, batean arbel interaktiboa eta bestean proiektorea; azken gela honetako proiektorea arbel digitala bihurtu dut. 

Egin ahal izateko tableta bat beharko genuke "mando a distancia" balitz bezala erabiltzeko; hau da, ordenagailua urrunetik  kontrolatuko genuke tabletaren bitartez. 

Lehenik eta behin, gure gelako ordenagailuan CHROME REMOTE DESKTOP  idatziko dugu barra nabigatzailean eta ondoren, (1)"añadir a chrome" eta azkenik (2)"Aceptar e instalar" aukeratuko dugu.

1

2

Estentsioa instalatu ostean, aukera batzuk agertzen zaizkugu. Interesatzen zaiguna "acceso remoto" izango da eta geziari emango diogu.

Hurrengo pausoan "acceder a mi ordenador" sakatuko dugu.

Une honetan gure ordenagailuari izendatu beharko diogu.

Ondorengoa, ordenagailuan egingo dugun azken pausoa da. Pasahitz bat idaztea eskatuko digute. Pasahitza hori Tabletean idatzi beharko dugu, beraz ongi gogoratu!

Ordenagailuan bukatu dugu, orain tableta (telefeno mugikorrean ere posible da egitea) hartu beharko dugu. OSO INPORTANTEA DA bai PCan bai tabletan googleleko kontu berdina erabiltzea, bestela ezinezkoa izango da.
Hemen ere, googleleko nabigatzaile marran chrome remote deskopt idatzi beharko dugu eta azalduko zaigu gure gelako ordenagailuaren izena. Konektatzen garenean aurreko PINa eskatuko digute. Listo! Orain bi dispositiboak konektatuak egongo dira.

Tabletean azken konfigurazioa egingo dugu:

Tabletean gure Jamboard zabalduta izango dugu eta tabletan idatziko duguna proiektorean agertuko zaigu. Espero det baliagarri izatea!

urria 03, 2022

Ukelelea eta txirula eskolan!

 Aurten eskolan aldaketa ugari biziko ditugu eta ilusioz beteta nago. Pandemia aurretik gure eskolan hamarkada batzuen zehar txistua izan zen musika-praktikaren protagonista; nere lehendabiziko bi ikasturtetan hori irakatsi egin nuen.

Ondoren, pandemiak ekarritako etenaren ondorioz eskolarako izan nahiko nukeen ibilbide musikala birplanteatzeko aukera izan dut; DOn afinatutako musika-tresna desberdinak jotzen ikasiko bagenituen gelako orkestrazioak aberastuko genituzke.  Ukelelea nolabait sartu nahi nuela oso argi neukan zoragarria delako; halere, ukelea oso gustukoa izan arren  zalantza ugari izan ditut: nola antolatu gelan, ikasleak ala eskolak erostea, afinazioa, ukeleleen kopurua... baina musika-mintegiari esker esperientzia desberdinak ezagutu ditut eta gutxi-gorabehera planifikazioa eratu dut nire buruan.

Txirularekin aldiz ez nuekan hain argi, baina honek indargune handiak ditu: institutoan erabiltzen den tresna da, oso merkea eta irakurketa-interpretazio prozesua aldiberean egiten da, beraz musika-saiotan ere bere tokia izango du.

Txirula 2. ziklotik aurrera erabiliko dugu plaka instrumentuekin batera eta hirugarren zikloan ukeleleak bikoteka erabiliko ditugu txirula eta plakakin batera. 

Ukelelea lantzeko materiala dagoeneko prest daukat. Bertan sortu ditudan bideo batzuk jasotzeaz gain, irakasle desberdinen materialak bildu ditut: Antton Jauregi, Judith Pijuan,  Nathan Walby  eta Toni Gallart.

Animatzen zarete ere? Baliagarria izango zaizuelakoan hemen partekatzen dizuet materiala. 


iraila 22, 2022

BIDEO EDITORE BERRIA: DaVinci Resolve

Askotan galdetu didazue ze bideo editore erabiltzen dudan nire bideoak sortzeko, eta tamalez erantzuna ez zaizue baliagarria izan ordainketa bidezkoa delako (Adobe Premiere). Aukera libreak, hau da, doakoak bilatu izan ditut eta aukera majoenen artean OpenShot gomendatu egin nizuen (post bat idatzi nuen honen inguruan), baina egia esan zituen aukera xumeegiak ziren... tira! asteko agian batzuentzat baliagarria izan da!

Orain dela oso gutxi, xataka blogean kriston aurkikuntza topatu dut, eta aitortzen dizuet Adobe Premierra ez dut deus gehiago erabiliko! Davinci Resolve ordainketa bitarteko sowtware bada ere softwarearen %80a erabiltzeko aukera uzten du DOAKO BERTSIOAN. Honek esan nahi du aukera piiiiiila dituela! Eta niretzat aukera onena AUDIOA eta IRUDIAK bertatik editatzeko aukera usten duela ere. La booooombaaaaaaa!!!!! Zenbat denbora aurrezten den!!! Nik normalean alde batetik audiorako Audacitya eta bestetik zenbait irudietarako Photoshopa erabili izan ditut, eta honekin dena bertan!!!!!

Oso funtzio partikularrak eta mugatuak daude ordainketa bitarteko moduan, eta nik erabiliko dudanerako ez ditut faltan botako. 

Salseatu ditudan bideotxo batzuk utziko dizkizuet zuen burua kokatu nahiko bazenukete. Hemengo honetan, erabiltzen hasteko  pauta batzuk jasoko ditugu, gure burua kokatzeko oso ona iruditu zaidana; bestalde, animatuko bazinateke hura deskargatzera, hemen lotura topatuko duzue; eta azkenik bideo honetan programa deskargatzeko tutoriala ere ikus dezakezue.


iraila 14, 2022

Konpositoreen bideoak

Pasa den ikasturtean Lasarteko musika-mintegian elkar lanean aritu ginen Medellin Orkestrako konpositoreen biografiak euskaratzeko. Guztira 4 bideo euskaratu ditugu: MOZART, BACH, VIVALDI eta BEETHOVEN.

Hemen uzten ditut denon eskura egon daitezen, ez dira oso luzeak, gutxi-gorabehera 10 minutukoak, eta nire ustetan, zoragarriak! AUPA TALDE!!!!










iraila 02, 2022

3. zikloko musika-koadernoa

 3. zikloan erabiltzeko koadernotxoa prestatu dut. Horrela, osatuta gelditzen da etapa osorako materiala. Gogoratu nahi dizuet material honen egilea Mª Lourdes Leal dela, hemen doakizuedana material honen egikotzapena eta itzulketa da. Berriro ere eskertu nahi diot bere lana; beste batzuen artean, bera izan zen sortzearen eta partekatzearen gogoa piztu zidanetako bat. 

Koadernoa deskargatzeko idatzi korreo bat eta beti bezala nahi duenari bidaliko diot. Ikasturte ona opa dizuet!




.

ekaina 08, 2022

apirila 20, 2022

Zer da?

Ezagutzen duzue tresna hau? Nagoen eskolan musika-saiotan lau ikasturtez lagundu didan "objektu" bat izan da, hain zaharra, hai arraroa, gela apaintzeko akaso, afinatu gabea eta afinatu ezina!!

Ikasleek nola jotzen zen galdetzen zidatenean erakusketa xelebrea egiten nien ttunttunaren antzera erabiliz, eta nik "tan ancha" gelditzen nintzen. 

Ziur askok begi batez zer den asmatu duzuela, nik aldiz lau urte behar izan ditut jakiteko, baina oraindik ez dizuet esango; dena den lasai, hurrengo lerrotan pista izugarria emango dizuet. Asuntoa da badagoela eskolan arpa jotzen duen neska bat eta hark kabilak arpan bezala afinatzen zirela zirudiela komentatu zidan, baita jotzen hasi zenean ez zitzaion burutik pasa makila batekin instrumentu gixajoari egurra ematen hastea... Nire buruak behingoz klik egin zuen eta Don Googleri galderak egiten hasi nintzaizkion. 

Hari pultsatuzko familiakoa, arpa txiki bat alegia, zitara izenekoa afinatu daitekena eta afinazio diatonikoa duena, nire poztasunerako xilofonotan antzera bi eskala diatonikoaz osatuta! Zenbat ate ireki zitzaizkidan momentu labur batean... Afinatu nuen eta hasi nintzen proba batzuk egiten, ondoren, gelan ikasi berri genuen kanta bat aprobetsatuz ikasleei txandaka erabiltzeko utzi nien ukelele eta pianorekin batera. Bideo honetan egindako proben emaitza batzuk ikus ditzakezue. 


Tresna zaharrak badira ere, interneten topatu ditut merkea den aukera bat Cítara de Hape izenakoa. Oso interesgarria iruditu zait bere baitan partiturak jar daitezkelako erritmograma moduan eta oinarrizko erritmoak interpretatzeko primeran daude. Bideotan adibide batzuk ikus ditzakezue.


Beraz hau izan daiteke beste jostailu bat gelako orkestrazioak aberasteko. Ni animatuko naiz eta ditudanak erabiltzen hasiko gera. 

Zuek ezagutzen zenituzten tresna hauek? Animatuko zinateke?

apirila 03, 2022

"Vivaldi bere tintan"

Musika-mintegian Medellin Orkestrako konpositoreen biografiak ezagutu ondoren elkar lanean aritu gara eta Vivaldiren biografia ere euskaraz prest dago. Oraingo honetan, itzulpenean eta ahotsean Irune Urteaga aritu da, eta emaitza itzela izan da. Udaberrian sartuta gaudela aprobetsatuz maila batzutan bideo hau hasi gera ikusten. 

Animatu ere ikustera, oso polita gelditu da!