Kantak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Kantak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

apirila 28, 2024

BI KOKOAK

IMPROVE Educación Musical Malagako musika-hezkuntzako zentro bat da, eta, konfinamendu garaian, bideo interesgarri batzuk igo egin zituzten etxeko txikienei musika gerturatzeko.

Oso gai interesgarriak dituzte, eta ekarri dizuedan proposamena hau lankide batek aspaldi egin zuen aurkikuntza bat da (mila esker Dabid!)

Kanta ezin hobea da eskuen eta haien soinu-aukeren koordinazio erritmikoa garatzeko.

Abestiaren hitz bakoitza eskuekin egingo dugun erritmo bati lotuta dago:

  • HAITZULOA
  • PALMONDOA
  • KOKOAK
  • BURUA
Hau da IMPROVEkoen koreografia proposamena:


Eta hementxe EUSKARAZKO BERTSIOA!




martxoa 11, 2024

Piano piano abestia

Duela urte batzuk, bideoak sortzea nahiko lan neketsua eta konplexua zen, eta, horretarako, programa zailak erabiltzeaz gain bideoak editatzeko gutxieneko ezagutzak beharrezkoak ziren. Ez zen guztion eskura zegoen lan bat. Denbora eta pazientzia handia behar zen, nire esperientziaren arabera.

Gaur egun, aurrerapen teknologikoei esker, oso erraza da bideoak sortzea, eta ikasleei bideoak sortzen ere irakatsi diezaiekegu.

Xirula Mirulako PIANO PIANO abesti bat grabatzera animatu naiz (mila esker Aintzane aurkikuntzagatik) eta CANVA erabili dut oso-oso aukera erraza baitu eta bideoak sortzeko diseinuko aukera piloa baitu ere. Nik gomendatzen dizuet, zalantzarik gabe.

Abesti honek maitemindu egin nau eta zerbait sortzera ezin izan naiz erresistitu! Gustatuko zaizuelakoan, hortxe duzue!




ekaina 01, 2023

"Pilotarekin". Haur-hezkuntzarako abestia

 Abesti hau Estefanía Guzmán eta Vicente Valverdek konposatutako lana da. Haiek Ba-Ba Haur Hezkuntzarako musika ekimeneko sortzaileak dira eta haurrekin musika lantzeko proposamen asko dituzte.

Ekarri dizuedan honetan oso modu atseginean landu dezakegu pultsazioa haurrekin.  Asmoa da pultsua gorputzaren zati batzuk pilotarekin kolpekatuz eramatea, baita ezkerreko nahiz eskuineko eskua erabiliz ere. Bikoteka ere egin daiteke, kantaren letraren arabera pilota bikotearekin trukatuz. Hemen duzuen bideoan ba-ba proiektuko kideek erakusten digute nola egin behar dugun.


Musikako bertsiorik bakarra aurreko bideokoa denez, eta asko gustatu zaidanez, moldaketa musikala eta ahotsa jarri diot (mila esker Arantzazu letra euskaratzeagatik!). Hementxe uzten dizuet prestatu dudan bideotxoa baita audio deskargarriak ere:









azaroa 16, 2021

Euskararen eguna 21-22

Aurten Euskararen Eguna berezia izango dugu. Mendian gora abestiak ahots batean batuko gaitu denok (irakasle, ikasle eta guraso) euskararen alde abesteko.

Web-orri honetan eskolatik ala etxetik abestia ikasteko material osoa topatuko duzue. KLIK egin eta animatu parte hartzera!  

apirila 19, 2021

Haur-hezkuntzarako abesti bilduma

Haur-hezkuntzan erabiltzen ditudan abestiak denborarekin poliki antolatu ditut eta material guztia (fitxak, audioak eta bideoak) WIX honetan bildu ditut modu deskargarrian eduki ahal izateko. Den-denak ez daude, baina gehiengoak behintzat bai. 

Niri gauzak horrela biltzea oso erosoa iruditzen zait eta interesgarria ala lagungarria zaizuelakoan ere partekatzen dizuet.




azaroa 27, 2020

Euskal Herrian Euskaraz

Bada justu urte bat abesti honen bertsioa etxean egin genuela eta erabilgarria izan dadin bideo formatoan jarri dut. Hainbat abesti eskura ditugu gure euskararen eguna ospatzeko, hemen doa gure ekarpentxoa!


 

martxoa 19, 2020

Maitetxo itsasoan dago

Kaixo guztioi,

Ah ze egoera bizitzen ari garen, bihotzez espero dut ondo egotea! Egun hauetan espiritua alaitzeko asmoz sortu ditut "Maitetxo" abestia lantzeko hiru bideo. 

Euskal Herrian  kanta hau ezagutzen dugu Argoitia nebarrebei esker, baina jatorriz kanta eskoziarra da, Bring back my bonnie to me izeneko kanta herrikoia. 
Ingelesez bertsio asko dauden arren, euskaraz nik dakidala ez daude asko. Sortu dudana espero dut gustuko izatea eta gozatzea.

Lehenengo bideoan nik abesten dut (ahotsa); bigarrenean aldiz, isil-isilik egongo naiz  zuen txanda baita (karaokea); eta azkenengoan gorputz perkusioa egiteko proposamen bat prestatu dizuet.







urtarrila 10, 2020

"Ibiliz ibiliz". Haur-hezkuntzarako abesti aproposa.

Badago Mexikon arreta goiztiarrako gune bat, Centro Nathán deritzona non abesti asko sortu dituzte umeekin lantzeko. Horien artean asko gustatzen zaidanetako bat "Lento muy lento" da. Animatu naiz euskaratzera eta "Ibiliz ibiliz" deitu diot. Oinarrizko mugimendu motoreak lantzeko oso egokia da eta gainera gure eskolako txikiei pila bat disfrutatzen dute. 




Bideo honetan Maria Jose Sanchezek egiten duen proposamena asko gustatzen zait. Mugimenduak lantzeaz gain, erritmo koordinaketa ere garatzen du. 
Bide batez, aprobetsatuko dut  haren yotubeko kanala gomendatzeko ideia piiiiiiila dituelako eta gainera oso-oso onak. 

maiatza 25, 2019

Alostorrea

J.A. Arana Martijak dion bezala, Alostorrea musika eta letra batera dakarren euskal kantarik zaharrenetako bat da. Kanta hau eresi bat da eta bertan Alosen gertatutako zoritxarreko gertaerak kontatzen dira:

Alostorrea Debako etxe nagusi baten izena zen. Bertako jauna, Beltran Perez de Alos, bi aldiz ezkondu zen.Lehenengo emaztearekin alaba bat izan zuen, Uxue izenekoa.
Alargundu zenean, Alos jauna berriro ezkondu zen. Alosek, biziki maite zuen Uxue, baina emazte berriak berriz, ez zuen batere maite.

Halako batean, Beltran Perez de Alos jaunak, gerrara joan izan behar zuen.  
Gerran zela, emaztearen eskutitz bat jaso zuen. Bertan Uxue, alaba maite hark, sasikume bat, hau da, aitorik gabeko haurr bat izan zuela esaten zion.
Beltran jauna triste, etxera itzuli zen.
Dorrea begien bistan zuela, zuzenean etxeratu ordez, taberna batera joatea pentsatu zuen. Afaltzen ari zela, bi gizon sartu ziren ozenki hitz egiten. 
Jaioberri horri buruz hitz egiten ari ziren eta batek Alos jaunaren emaztearen antza handia zuela esaten zuen.

Beltranek hau entzun zuenean, egia jakin behar zuela erabaki zuen.
Honela bada, hilkutxa baten barruan sartzea bere ezpatarekin eta gisa horretan etxera eramateko agindua eman zien haren gizonei.

Alostorrea senidez eta lagunez bete egin zen, denak negar batean. Txandaka, denak pasatu ziren hilkutxaren aurretik hildakoari azken agurra emateko.

Uxueren txanda iritsi zenean, aitari musu bat eman zion kopetan. Gero, bertso batzuk kantatu zituen dorrean jaiotako haurraren jatorria adierazten zutenak: haren emaztea eta haren lehengusu "Bela Beltza"rean zena, alegia.

"Bela Beltza" ere bertan zen, eta bertsoak entzun zituenenan Uxue hiltzeko asmoz hurbildu zen.
Beltran de Alos jauna, bere hilkutxatik jaikiz, ezpata hartu eta "Bela Beltza" hil zuen.



ABESTIA HEMEN klikatuz deskargatu dezakezue. 

Abesti hau orain dela urte mordo topatu nuen interneten. Instituto bateko ikasle batzuek egindakoa da. Tamalez gaur egun ez dut gogoratzen institutoaren izena eta ezin dut lotura aurkitu interneten. Norbaitek honen berri izango balu, pila bat eskertuko nioke edozein informazio. Lan bikaina egin zuten eta merezi duten aipamena egin nahiko nieke.



Azpian dagoen dokumentua Debako udalak sortu zuen materiala da Alostorreko kondairaren inguruan.

Iturria: Debako udala





otsaila 04, 2019

Untxitxoak

Hemen partekatzen dut beste kanta bat haur-hezkuntzan lantzeko. Gitarrarekin landu izan dut baina bila eta bila Youtuben oinarri instrumental batekin topatu naiz, ze suerte! eta horrela askoz itsurosoago gelditzen da, jeje.

Txikiei asko gustatzen zaie, eta dantzatzeko aukera ere ematen digu. Gainera, gelara pelutxezko untxitxo bat eramaten badugu, guztiz zoratuko dira! 

iraila 29, 2018

Soinuaren intentsitatea: Erraldoiak eta ipottak

MUSICAEDUCAk oso material politak ditu haur-hezkuntzan erabiltzeko. Kasu honetan, haien ipuina "Gigantes y enanos" euskaratu dut soinuaren intentsitatea lantzeko. Material hau SUENA SUENA metodoan (Elena Huidobro eta Natalia Velilla) agertzen da.
Metodo honetako ideiak hartuta, jarraian komentauko dizuet nola lantzen dudan:

1. SAIOA
Erraldoiak eta ipottaren ipuina entzuten dugu. Bideo honetan Kabalevskyren "Komedianteen martxa" erabiltzen da Fuerte eta Pianoren arteko desberdintasunak lantzeko.



Ipuina ikusi ondoren jolas bat egingo dugu. Panderorekin, piano jotzen dugunean ikasleak pikotxean ibiliko dira; fuerte jotzean aldiz, erraldoiak bihurtuko dira zutik jarriz eta besoak goraka luzatuz ahalik eta gehien.

Denbora badugu, saioa amaitu dezakegu Erraldoi eta ipotten abestiarekin (abestia suena suena metodoan agertzen da, hau da euskaraz egin dudan bertsioa).




2. SAIOA
Ipuina berriz entzungo dugu eta bukatzean Kabalevskyren musikarekin lana egingo dugu. Kasu honetan bi talde egingo ditugu: bat ipottarena eta bestea erraldoiarena. Beraiek aukeratzen dute zer izan nahi duten. 
Gelako eremu bat markatuko dugu erraldoien gaztelua izateko, eta beste bat, ipotten perretxikoak izateko.

Arau inportante bat: erraldoiak gazteluan dauden bitartean LO egongo dira. Gainera gogoratu beharko dute OSO MOTELAK direla, eta ezin dutela korrikarik egin; hau da, ezingo dute ipottak harrapatu INOIZ. Komedianteen martxa HEMEN KLIK EGINEZ.

Bukatzean eta denbora badugu, abestia errepasatuko dugu.

3. SAIOA
Abestiarekin hasiko gara eta musika-tresnak erabiliko ditugu. Pultsua markatuko dugu eta abestiak fuerte jotzen badut esaten duenean, fuerte joko dugu eta piano jotzen badut denean, ahalik eta suaben egingo dugu.

 Gogoaren arabera aurreko saioetako jolasak errepikatu ditzakegu (normalean ipuin hau piiiiiiila bat gustatzen zaie eta askotan eskatzen dute erraldoi eta ipotten jolasa errepikatzea)

Bestela, fitxa hau egin dezakete. Ikasle bakoitzari fitxa emateaz gain lau gomets biribilak banatzen zaizkie: bi handiak eta bi txikiak.

Irakasleak panderorekin Piano edo fuerte egingo du eta ikasleek intentsitate horri dagokion gometsa ipini beharko dute.


iturria: suena suena
4. SAIOA
Bueno, hemen intentsitatearekin bukatuko genuke. Aurreko saiotan egin diren jardueren artean aukeraketa bat egin daiteke, eta amaitzeko, ikasle bakoitzak F ala P ikurrak interpretatu beharko du.
Bi orrietan F ala P handiz idatziko dugu (orri batean F eta bestean P) eta ikasleek banaka, nahi duten musika-tresna hartuz, ikurrak interpretatu beharko dituzte.
  

iraila 18, 2018

"Musikari handia". Musika-tresnak txandaka jotzeko abestia.

Abesti hau 4 eta 5 urtekoekin egiteko oso polita da. Proposamen honetan, hiru talde egin ditzakegu (edo nahi ditugunak, gelan ditugun musika-tresnen arabera) eta letrak dion moduan, talde bakoitzak bere txandan jo behar du.

Amaitzeko gela osoak, orkestra handia izango balitz bezala, jotzen du. Egin KLIK irudian!


otsaila 27, 2018

Unibertsolariak

Txanela metodoko kanta hau asko gustatzen zait eta 3. mailan landuko dugu. 
Hemen audioa uzten dizuet eta fitxatxo bat. Deskargatu nahi baduzue, irudiaren gainean kilkatu.




urtarrila 11, 2018

Iribarra eta Malkoak: DO RE MI

Seguru kanta hau ezagutzen duzuela, "Iribarrak eta malkoak" pelikularen kanta ezagunena. Bideoan ikusiko duzuen baino luzeagoa bada, zatirik inportanteena ikasiko dugu. 
Eskalako notak ikasteko balioko digu, eta eskolako txikiek seguro pila bat disfrutatzen dutela. 

Idea da modu desberdinetan egitea: noten izenak dituzten paperekin, boomwackersak erabiltzen, plaka instrumentuekin, eta noski! abesten. Ea zer moduz moldatzen geran!

DO LEHENENGO NOTA DA
RE IGOTZEN HASTEN DA
MI EUSKARAZ NEREA
FA HAU DA HURRENGOA
SOL EGUZKI POLITA
LA ABESTEN LA, LA, LA
SI HAU DA BAIEZKOA
DO BERRIRO ESAN DO!


Golda Eraren KARAOKE BERTSIOA.

Marrazkia gustatu bazaizue gainean klikatu dezakezue deskargatzeko.




Ainhoa Sukiaren lan zoragarri  hau hemen gordetzen det  eskalko lanean sakontzeko.






martxoa 24, 2017

Kulunkan proiektua

Kulunka proiektua sehaskako abestien bidez haurrak eta haien senideen arteko loturak sendotzeko helburuarekin sortu da.
Proiektu honetan parte hartu dutenak hauek izan dira:

Zuzendaritza: Gorka Miranda Blanco
Musika moldaketak: Josu Elberdin Badiola
Diseinua eta ilustrazioa: Maite Gurrutxaga Otamendi
Dokumentazioa: Eresbil
Edukiak: Itziar Zubizarreta
Itzulpenak: María Nécola

Oso material polita sortu dute eta gelan oso erabilgarria da. 14 sehaska kanta daude eta musika moldaketek pianoarekin edo arparekin batera abesteko aukera ematen dute.


martxoa 23, 2017

"Gatz, titiritorto basatia" abestia.

Kanta hau 2. mailako gela bati esker ezagutu dut eta... ah! ze polita iruditu zaidan!! Haien bila joan nintzenean erakutsi zidaten eta hara!! hori sorpresa!! ze kanta polita eta ze ongi abesten ari ziren!!
Musika-gelan grabatu nien eskolako irratitik zabaltzeko eta WIX hau sortu dut  beste gelarekin lantzeko. Ea besteek bezain gustora egiten duten!

Abestiaren egilea Maitena Illarramendi da.  Kanta lantzeko materiala hemen uzten dizuet:

martxoa 07, 2017

"Na bahia Tem". Brasilgo kanta.

Kanta hau 3. mailan egingo dugu. Brasilgoa da eta doinua erraza eta polita dauka. Abesteaz gain, edalontzi jolas bat ikasiko dugu kantari laguntzeko.


urtarrila 23, 2017

"Sagarroia". 1. mailarako abestia.

Abesti hau "Kantiruri" metodokoa da, baina bertsio erritmikoagoa eta modernoagoa sortu dut perkusioa gustora egiteko. Idea da, abesteaz gain, gorputza, kuboak eta tutuak erabiltzea.