abuztua 28, 2018

Irakasle koadernoa.

Badira urte batzuk erabiltzen dudala irakasle-koaderno pertsonalizatua eta ikasturtean zehar urrezko liburuan bihurtzen da. Gogoratzen dut hasi nintzenean dena koaderno normal batean idazten nuela eta ah, ze kakanahaste!! denborarekin gauzak probatzen joan naiz eta gaur egun badut ongi funzionatzen zaidan koaderno bat: dena batean. Espezialistok ikasle asko ditugu, ia eskola osoa, eta dena antolatuta eramatea ezinbestekoa da.

Norbaiteri erabilgarria izango zaiolakoan hemen uzten dizuet nire koadernoa. Azalduko dizuet zertan datza:

  • Egutegia: koadernoak ez du azalarik, bakoitzak pertsonaliza dezala, beraz hasieran, azala ostean egutegia txertatzen dut. Hemen eskolak antolatzen dituen ekintza osagarriak edo ospakizunak, besteak beste, apuntatzen ditut.
  • Ordutegia: musikako ordutegia. Eskolak banatzen duenean, moztu eta hemen itsasten dut.
  • Bilerak: ziklokoak edo klaustroak. PDF honetan orri bakarra dagoen arren, zuen ustez behar dituzuen fotokopiak atera.
  • Egin beharrekoa: Oso desordenatua naiz eta beti horrelako gauzak edozein tokitan idatzi izan dut... eskuan, ticket batean, koaderno desberdinetan... hau da, eskura nuen edozerretan, eta noski, gero izerdi egitera gogoratzen ez nuelako!!! Orain behingoz dena idazten dut toki berdinean eta ataza bukatzen dudanean, "x" batez markatzen dut.
  • Eskolako informazioa: telefonoak, ordanagailuko klabeak, patio-zaintzak.... garrantzizko informazioa
  • Asteko programazioa: lehenengo orriak programatzeko balio du eta bestean, "oharrak" jartzen duen orrian, maila batzuetan (ez guztietan, espezialistaren bizitza ez du ematen!!) gertatzen den deigarriena idazten dut. PDFan hiruhileko bakoitzako bi orri daude, idea da behar diren guztiak fotokopiatzea.
  • Ebaluazioa: normalean, ebaluazio orriekin beste koadernotxo bat egiten dut, niretzako erosoagoa da. Lau alderdi ebaluatzen ditut:
           1. Entzumena: entzunaldiak, musikogramak, musika-tresnen tinbrea....
           2. Adierazpena: ahotsa, gorputz-perkusioa, musika-tresnak, mugimendua eta dantza.
           3. Teoria: musika-mintzaira eta kultura musikala.
           4. Jarrera.

Musika-gelako ardurak.

Haur-hezkuntzan arduradunaren irudia oso normala da, baita musika-saiotan, baina lehen-hezkuntzara iristen direnean irudi hori, musika-gelan behintzat, desagertzen da.

Musika-gelan lan asko egiteko dago eta gainera maila bakoitzak bere programa eramaten du. Maila batean musika-tresnak erabili badira, beharbada hurrengoan jarduerak zeharo desberdinak dira eta askotan nire burua ikusi izan dut gauzak ateratzen, banatzen eta jasotzen; hau da, ni gelditu gabe...
Gainera, beti pentsatu izan dut neronek eginez gero azkarrago joango nintzela, eta asteko saio bakarra aprobetsatzeko modurik onena zela! 

Halere, ikasleak beti prest daude horrelako lanak egiteko, baina normalean beti berdinak dira lagundu nahi dutenak, eta bestalde, badira beste batzuk inoiz ez direla boluntarioak azaltzen; hau ere ez zitzaidan gustatzen eta ez nekien nola sustatu ikasle pasibo horien inplikazioa.

Formula batekin topatu naiz. Nik egiten ditudan lanen artean hauek dira ikasleak egin daitezkenak:
  • Makinista: gelatik lehenengo ateratzen izango da. Gela pasillotik isiltasunean joan behar duela zainduko du eta horretarako txartel bat eramango du:
  • Material arduraduna: adura hau egiten dut baldin eta ikasle-materiala musika-gelan dagoen. Bi ikasle izango dira eta gelako materiala banatzeaz arduratuko dira: koadernoak, arkatzak, borragomak, orriak... lanerako behar dena.
  • Instrumentuen arduradunak: bi ikasle izango dira eta praktika instrumentalean behar diren instrumentuak ateratzeaz eta jasotzeaz arduratuko dira.
  •  Azkena: gelatik azkena aterako da. Musika-gela jasota gelditu dela behatu behar du eta tokiz kanpo dauden objektuak jasotzeaz arduratuko da. Dena prest egongo denean,  irakasleari  eskuz “OK” keinua eginez, dena ongi dagoela adieraziko dio. Momentu honetan gela arruntera abiatuko gara. 

Eta nola kudeatzen dut hau guztia? Arbelean txartel hauek finko ipintzen ditut eta ikasle-zerrenda hartuta, astero makinista-ardura dagokionari zerrendan markatzen dut. Bere izena arbelean idazten dut baita atzetik datozen beste ikasleen izenak. Modu honetan gelako guztiek parte hartuko dute.



abuztua 27, 2018

Juan de Anchieta.

Aurreko sarreran berpizkundean egon gara. Sarrera hori irakurri duzuenok badakizue hitz egin dizuedala euskarazko kanta zaharrenari buruz, Jançu Janto, Errege Katolikoen Jauregiko Kantutegian jasota.

Gaur, errege horien gortean lan egin zuen konpositore bati buruzko informazio dakart. Haren konposizioak ere kantutegi horretan jasotzen dira. Bere izena Juan de Anchieta da.



1462 urte inguruan Azpeitian jaio zen eta Ignazio Loiolakoaren familiakoa zen. Jendeak esaten duen bezalaxe... mundua zapitxo bat da!!

Errege Katolikoei musika asko gustatzen zitzaiela esan dezakegu eta haien gortean musika asko egiten zen.
Isabel Katolikoa erreginak abesbatza bat zeukan, eta bertan Juan de Anchietak abesten zuen. Anchieta hainbeste gustatu zitzaion erreginari,  haren semearen, Juan printzea, musika irakaslea izendatu zuela.

Isabel erregina hiltzean, haren alaba Juana Eroa Gaztelako erregina bihurtu zen. Gaztela garai horretan erreinu handia eta inportantea zen eta Anchieta Juana Eroaren musikaria izatera pasatu zen.
Juana Felipe Ederrarekin ezkonduta zegoen eta Belgikako jauregi batean bizi ziren; beraz, Anchietak Belgikara bidaitu zuen.

Juanaren bizitza ikaragarria izan zen... Badakizue zergatik deitzen zioten Eroa? Felipe Ederrarekin zeharo maiteminduta zegoelako. Hura, izenak dion bezala, oso-oso guapoa zen; halere, ez zuen Juana batere maitatzen eta ez zion kasurik egiten. Egoera hau dela medio, Juana oso gaizki sentitzen zen.

Feliperi bakarrik gauza bat interesatzen zitzaion Juanarengandik: Gaztelako koroa. Beraz, Juanari buruzko gauza oso itsusiak esaten hasi zen, eroa zegoela besteak beste. Gendeak sinistu zion eta Juana erotzat hartu zuten.

Juana Tordesillaseko jauregian giltzaperatua egon zen ia 50 urtez. Ikaragarria, ezta? Baina aizue! Anchietari buruz ari garela! Anchieta itxialdi horretan 4 urtez Juanaren musikaria izan zen. Aurrerago, 1512. urtean, Fernando Katolikoaren gortera pasa zen.

Ikusten duzuenez ez zen gelditu! Zahartzaroan Azpeitira erretiratu zen eta jaio zen herrian hil zen.

Hemen uzten dizuet haren "villancico"rik ezagunena: Con amores, la mi madre.


abuztua 22, 2018

abuztua 21, 2018

"Jançu Janto" Euskarazko kantarik zaharrenetako bat.

Informazio iturri desberdinetan irakurriz aurkikuntza honekin egin dut topo. Ez bada euskarak duen kantarik zaharrena, zaharrenetariko bat bai behintzat.  Zaharrenak Erdi Aroaren bukaerakoak dira: Alostorrea eta Berterretxeren Khantoria, 1434-1449 urte bitartekoak.
Iturria: Jose Antonio Arana Martija "Música Vasca"

Halere, sarrera honetan eta izenburuak dion bezala, "Jançu Janto"ri protagonismoa emango diot. 
Euskarazko kanta honen jatorria aurkitzeko Errege Katolikoen gortera bidaiatu behar dugu;  XVI. mendearen hasieran gaude.

"Jançu Janto" Palazioko Musika Kantutegiari dagokio. Kantutegi hau eskuidatzi bat da non Errege hauen gortean abesten ziren kantak jasotzen diren. Kanta hauek gorteko festak alaitzeko erabiltzen ziren eta gehienak erderaz daude. Bi aurkitu dira euskerazko esaldi batzuk dituztenak eta bi hauetatik bat "Jançu Janto" da. 

Gorteko "kopistak" kantu hauen transkripzioaz arduratzen ziren eta euskera tutik ulertzen ez zutenez, ahal zutena idazten zuten; horregatik testua ez da batere ulertzen. 

Jançu Janto, dego de Garçigorreta,
Jançu Janto dego de Garçigorrá.
Arre chacorra çei degueçu, gavian dani levari,
Maria Roche çerca mora en cantar viçerraco,
es naqui en Artajona por do Gurgurengoá,
por do pasa Ochoá candia jaroa por do veroá
vero vero veroá Estangurria rrico va.

Beherago, "accento" web-orrian kanta honen partitura topatu dut. Auskalo! beharbada XVI. mendeko abesti hau XXI. mendeko eskoletan entzuten dugu!
iturriak: http://hedatuz.euskomedia.org/7143/1/13059065.pdf
https://www.santelmomuseoa.eus/index.php?option=com_flexicontent&view=items&id=119&Itemid=30&lang=es&idn=15492



iturria: accento.es

abuztua 14, 2018

Soinuaren IRAUPENA

Orain dela urte batzuk istorio honekin topatu nintzen. Jatorrizko izena "Anastasio y la granja" da eta txikiekin soinuaren IRAUPENA lantzeko erabili izan dut.
Suena suena  metodoan (Elena Huidobro eta Natalia Villela) agertzen den ipuin bat da eta bermoldaketa egin ondoren bideo honetan euskarazko bertsioa izango dugu.


Nola landu iraupena proposamen honetan?

1. saioa
Ipuina ezagutu ondoren denon artean animalien soinuak imitatuko ditugu txartel hauen bidez:
Soinuekin jolastu eta gero, gela bost taldetan banatuko dugu. Talde bakoitzak txartel bat eramango du egokitu zaion animalian bihurtzeko.

Irakaslea Tomas izango da begiak itxita dituela, eta ikasleek deituko diote aurkitu diezaien. Ipuinean bezala behiak hasiko dira; rolak alda daitezke.

Ondoren, "Tomas baserrian" abestia ikasiko dugu.

Abestia deskargatu dezakezue hemen:

Tomas baserritarra itsua da,
eta animalia guztiak zaintzen ditu.
Nola jakin, nora joan,
nola jakin, nora joan,
ba animalien laguntzaz.

Zaldiak I-I-I
Astoa IA-IA
Behiak MU-MU-MU
Txerriak KURRIN-KURRIN

2. saioa
Ipuina eta abestia gogoratzen dugu eta jolas bat egiten dugu.
Jolas honetarako eta ikasle kopuruaren arabera, animalien hirukoteak edo laukoteak prestatzen ditut ikasleen artean banatzeko. 

Ikasleek begiak tapatuta eraman behar dute eta bakoitzari egokitu zaion animaliaren soinua egin behar du; horrela, entzumenaren bidez aurkitu eta elkartu behar dira.

Hauek dira txartelak, aurrekoak bezalakoak baina txikiagoak:



3. saioa
Kanta errepasatzen dugu eta animalien soinuen iraupenari atentzioa ematen diogu. 
Konturatzen gara soinu batzuk luzeak direla eta beste batzuk motzak. Azalpenaren ondoren bideo hau ikusiko dugu:


Berriz bideoa ikusten dugu, baina orain ikasle bakoitzari orri zuri bat banatuko zaio. Soinua luzea denean lerro luze bat marraztuko dute, eta soinua motza denean puntutxoak egingo dituzte.

4. saioa
Kantarekin hasten gara eta ekintza honekin bukatzeko, bideoaren audioa berriz erabiliko dugu fitxa hau egiteko. Animalien soinuak ezagutzeaz gain, soinu bakoitzaren iraupena marraztu beharko dute.


uztaila 09, 2018

Musika mintzairako liburuak.

Hauek dira 1. 2. eta 3. mailan erabiltzen ditudan liburuak. Doslourdes liburuen itzulpena da, baina abesti gehienen fitxak nik egindakoak dira. Hori da gehien kostatu zaidana; alde batetik, maila hauetarako egokiak diren abestien aukeraketa egitea, eta bestetik, nire gustukoak izatea!

Fitxa hauek askotan bloggean zintzilikatu ditut nire erabilerako, baina orain nahi izanez gero, zuen eskura ere uzten ditut. Hemen behean jarri dut liburuen islada bat da, norbait interesaturik egongo balitz nirekin harremanetan jarriz gero konpartituko nizkioke.


uztaila 07, 2018

"Vals n2" Shostakovich. Gorputz perkusioa.

Musika-lan honek hiru zati nagusi ditu: A-B-C deitu diet. Zati bakoitza bi esaldiz osatuta dago, eta esaldi bakoitza erritmo desberdin batekin interpretatu behar dugu. Proposamen honetan erritmo horiek mantsotik azkarrera landu ditzakegu.

Ispilu-monduan grabatuta dago, hau da, eskuak mugitu behar dituzue ispiluari begira egongo bazinaten bezala. Animatzen zarete?



uztaila 02, 2018

Mateo Txistu

Zein da Mateo Txistu? 
Apaiza ehiztari bat omen da. Behin meza ematen ari zela deabrua agertu zitzaion erbi itsuran, eta haren atzetik abiatu zen. Zigorrez munduan zehar omen dabil ez pake une, ez atseden, bere txakurrak atzetik dituela.

Hemen dugu Mitoen Sinfoniaren hirugarren kondaira.





ekaina 12, 2018

Letra desberdinak

Lotura hauetan hainbat estiloko letrak aurkituko ditugu ordenagailuan instalatzeko, eta Worden edo antzeko programatan erabili ditzakegu. Irudien gainean klikatu behar duzue loturetara joateko:








Aukera piiiiiiiiila daudenez, hemen utziko dizkizuet musikarekin lotutako hainbat adibide, eta deskargatu nahi badituzue, irudien gainean klikatu beharko duzue baita:









maiatza 03, 2018

Orfeo eta Euridice

Hitz egingo dizuet historiako lehenengo operari buruz: ORFEO ETA EURIDICE.

1607. urtean MONTEVERDIk idatzi zuen eta lerro hauek irakurtzen badituzue opera honen argudioa kontatuko dizuet. Goazen ba!

Orfeo Euridicekin maiteminduta zegoen eta elkar asko-asko maitatzen zirenez ezkontzea erabaki zuten. 
Zoritxarrez... ezkontzaren egunean suge batek Euridiceri ziztatu zion eta hil egin zen!!!!
Badirudi Euridice ez zela izan oso zintzoa bere bizitzan zehar zuzenean infernura joan zelako!
Orfeok horretaz enteratu zenean infernura jeisteko erabakia hartu zuen Euridice bertatik ateratzeko. 
Bidetik zihoala, txalupari batekin egin zuen topo.

Txalupari horren lana, mundu batetik bestea arimak garraiatzea zen, eta Orfeok topaketa honetan, infernura iristeko aukera ikusi zuen. Mesedez eta faborez eskatu zion txalupariari beste aldera eramateko baina txaluparia oso burugogorra zen eta ezetz esan zion.
Badakizue zer okurritu zitzaion Orfeori txapupariari konbenzitzeko? Abesti eder bat asmatzea! Halere... ez zitzaion atera espero zuen moduan... Eta abestia ederra baino... eneeeeee!!!! ze aspergarria zen!!! Hain aspergarria zen txaluparia lotan geratu zela!!

"Loti ederraren" siesta aprobetsatuz, txalupa hartu eta infernuko ateetaraino iritsi zen. 

Orfeo hau pixka bat burutik zegoen... iritsi arte ez dakizue zenbat abenturak bizi zituen!! Arimen gainetik ibili behar izan zuen eta guzti!!! Brrrrrrrrrrrrr, hau beldurra!

Baina, ez pentsa, bidean ez zen isildu, oso pozik zihoan eta denbora guztian abesten zegoen. Halako batean, Persefonek, Hadesen emazteak, kantu horiek entzun zituen eta bihotza unkitu zitzaion.

Persefone saiatu zen Hades konbenzitzen, ea honek baimena ematen zuen Euridices infernutik ateratzeko. 

Badirudi Hadesek egun on bat zuela onartu zuelako, baina BALDINTZA bat jarri zuen: Lurrara iritsi arte Orfeok ezingo zuen Euridice begiratu.
Bueno, ez dirudi zaia, ezta? Zuen ustez lortuko zuen?

Gora eta gora eta gora eta gora abiatu ziren.... urrutitik lurra ikusten hasi ziren... gutxi falta zitzaien, ia ia iristen ziren eta.... 
Bapatean Orfeori kriston zalantza sortu zitzaion: "Ai ama, Euridice nire atzetik ote dator? eta galdu bada??"

Ezin izan zuen aguantatu... beraz, atzera begiratu zuen... eta Euridice BETIKO desagertu zen.

maiatza 01, 2018

Lamia

Emakumezko gorputza duten izaki hauek oso ederrak dira, baina oinen ordez antzara oinak dituzte. Ederrak badira baita arriskutsuak eta beldurgarriak. Ezagutu nahi al duzue Lamiaren kondaira?

Tartalon bezala, Francisco Escuderoren musika entzungo dugu kondaira honetan. Betiko moduan, ilusio handiz prestatu dut eta benetan disfrutatzea espero dut! 

apirila 26, 2018

Harizko tresnak



Proposamen honetan bideoa ikusi ondoren lanean jarriko zarete ebakigarri batzuekin eskema bat sortzeko. 2. orriko txantilloia osatu beharko duzue 3. orrian dauden ebakigarriekin. Testua eskuz idatziko duzue.
Musika-tresnen informazio gehiago HEMEN KLIK EGITEN. 



Ariketa batzuk ikasi duzuena konprobatzeko? Benga, animo!


Iturria: Patriciac

apirila 22, 2018

Haizezko tresnak: entzuketa eta jarduerak.

Haizezko tresnak ugariak dira eta oso zaia da desberdintzea sortzen duten soinua. Tresnen soinuari TINBREA deitzen zaio. TINBREA kolorea bezala, antzekoa izan daiteke baina ñabardura desberdinarekin, eta bideo hauek lagunduko digute haizezko tresnen TINBREA desberdintzen.



Bideoak ikusi ondoren, jolas hau egingo dugu. 
Zer egin behar da? Tinbre desberdinak entzungo dituzue eta jakin behar duzue horietako bakoitza zein instrumentuari dagokio.   



Ikasi duzuena konprobatzeko, eskema hau egingo duzue. Ebakigarriak moztu, dagozkien tokian itsatsi eta musika-tresnaren izena azpian idatzi!

Ah! Irudien gainean klikatuz fitxak deskargatu ditzakezue.  




Fitxa interaktiboa hauekin ikasi duguna konprobatu dezakegu:


Iturria: Marisa Ugaro-musika


Iturria: "La Mennais" Patriciac

apirila 16, 2018

Erritmograma: Azukrezko maitagarria.

Hemen partekatzen dut erritmograma berri bat. "Intxaur-hausle" balletaren mugimendurik ezagunena da, eta ziur pelikula askotan entzun duzuela. HEMEN mugimendu honen dantza ikus dezakezue.

Tchaikovskyk, konpositore errusiarrak, idatzi zuen 1892an. Gozatu!!

martxoa 10, 2018

OK go

Ezagutzen duzue OK go?
Beharbada gaur egun existitzen den talderik sortzaileena izan daiteke hau. Musikari onak izateaz gain, egiten dituzten bideoak hipnotikoak dira.
Lau lagun dira eta haien azken bideoklipa erakutsi nahi dizuet. 567 inpresorak koordinatu dituzte musikarekin bat joateko, alajaina!!!

Pentsatuko duzue zarrastel batzuk direla, bada, ezetz!!! erabili dituzten paper guztiak birziklatuak izan dira, eta gainera irabazte guztiak Greenpeace erakundeari eman die. 



Musikograma "Dantza Hungariarra" (Brahms)


Iturria: Serramusics

Musikograma deskargatzeko KLIKATU HEMEN