Zuetako askok eskatu dizkidazue musika-mintzairako liburuak. 3. maila arte euskaratutak banituen, 4. mailarako ere fitxa hauek prestatu ditut. Musika-hizkuntza lantzeko dira batik bat, abestiak ez daude besteetan bezala. Beraz, liburuxka horiekin gustora ibili bazarete hemen, 4. mailarako eskura dituzue.
Aprobetsatu nahi dut komentatzeko fitxa zoragarri hauen egilea MªLourdes Leal dela eta berarekin elkarlanean egon osteko emaitza dira hemengo fitxak. Berak sortzen duen materiala erderaz egon arren, gonbidatu nahi zaituztet bere lana ezagutzera web-orria berritu duelako eta zoragarria dago.
Asko gustatzen zaidan proiektua da hau. Honen bidez, ikasleek instrumentuek denboran zehar izan duten bilakera ezagutzeaz gain, sormena erabili behar dute instrumentuek egiten dituzten erasoak asmatzeko.
Kartak sortu eta gero, familia motaren arabera sailkatu dituzte. Hemen dituzue 6. mailakoen lanak. Zorionak koadrilla!!
1937ko apirilaren 26an 84 urte bete dira Gernika bonbardatua izan zela. Aurten lehenengo aldiz gai hau 6. mailan landuko dugu. "Bertsio beta" da, probatu gabekoa eta ziur egin heinean aldaketak jasoko duena.
Kultura-iturri desberdin batzuk erabiliko ditugu gertaera hau ezagutzeko: Francisco Escudero, Picasso eta Ken Zazpi.
Memoria historikoa ezinbestekoa da oraina eta etorkizuna ulertzeko, iraganeko gertaerak ezagutu behar ditugu izandako erruak ez errepikatzeko, barkatzeko, injustizien kontra mugitzeko, gerren kontrako aldarrikapena egiteko... gela bihurtuko da gogoetarako eremua eta musikak iraganera eramango gaitu.
Haur-hezkuntzan erabiltzen ditudan abestiak denborarekin poliki antolatu ditut eta material guztia (fitxak, audioak eta bideoak) WIX honetan bildu ditut modu deskargarrian eduki ahal izateko. Den-denak ez daude, baina gehiengoak behintzat bai.
Niri gauzak horrela biltzea oso erosoa iruditzen zait eta interesgarria ala lagungarria zaizuelakoan ere partekatzen dizuet.
Entzunaldia ongi jarrai dezaten marrazkiak erakutsiko dizkiet, horrela jakingo dute doinu bakoitzean zer bihurtu beharko duten.
2. JARDUERA
Lorea gai nagusia izango da eta gai nagusiko doinuarekin hau kantatuko dugu:
Udaberria heldu da,
dena kolorez jantzi da
zelaiak esnatu dira (BIS)
Txoritxoek adarretan
abesten dute goizero,
bizitza berritzen ari da. (BIS)
3. JARDUERA
Hurrengo jardueran, ikasle bakoitzari pertsonaiak banatuko dizkiet margotu ditzaten, eta geroago, egindako marrazkiak beste entzunaldi batean erabiliko ditugu. Kasu honetan dramatizatu beharrean, entzundako doinuaren arabera marrazkiak altsatu-erakutsi beharko dituzte.
4. JARDUERA Musika-tresnak ere erabiliko ditugu. Musikaren doinu bakoitza ongi barneratuta dutenez ikasleak lau taldetan banatuko ditut. Talde bakoitzak pertsonai bat izango da:
Lorea (kaskabilo)
Txoria (pandereta)
Ibaia (marakak)
Tximeleta (triangelua)
Entzunaldia bi alditan lantzen dugu. Lehenengoan, marrazkiak erakutsiko diet, baina bigarren aldian marrazki gabe egingo dugu. Doinua jarraituz, ikasle bakoitzak jakin beharko du noiz jo behar duen.
5. JARDUERA
Idazketa ez-konbentzionala landu dezakegu ere musikograma hau jarraituz:
6. JARDUERA
Entzunaldia oso landuta dagoenez, marrazki hauek ordenatu ditzakete (denon artean talde handian, ikasle bakoitzari fitxa emanez...)
7. JARDUERA
Bideo honi jarraituta esku-jolas bat burutu dezakete:
Bigarren hiruhileko honetan konpositoreen aurkezpenekin jarraitu dugu eta hauek izan dira ezagutu ditugunak: Francesca Caccini, Beethoven, Paulina Duchmbge, Modest Mussorgsky, Johannes Bramhs, Felix Mendelssohn eta Clara Schumann.
Hementxe bildu ditudan ariketa interaktibo hauek Ainhoa Sukia eta Ana Huarte (Doremi musika bizi) sortutakoak dira. Musika-mintzairako hainbat kontzeptu errepasatzeko eta finkatzeko oso baliagarriak dira. Material askoz gehiago sortu badute ere, lehen-hezkuntzarako niretzat egokienak direnak jarri ditut: noten izenak, konpasak identifikatu, diktaketa melodikoa eta irudi musikalak.
Uste dut ez dagoela modurik onena Emakumearen eguna ospatzeko. Zorionak Maite Arroitajauregi eta Aranzazu Calleja. Zoragarriko lana eta merezitako errekonozimendua!
Puntutxoa irudi musikal baten eskuinaldean jartzen da eta irudi horren iraupen erdia gehitzen dio.
Hitz gutxitan azaldutako kontzeptu honek askotan buruhausteak sortzen ditu oso gai abstraktoa delako eta ikasle batzuei asko kostatzen zaie bai alde teorikoa bai praktikoa ulertzea. Nik behintzat hori azaltzeko garaian ikasle batzuk galtzen direla sentitzen dut, eta buruhauste horren ondorioz kanta hau sortu dut. Oso abesti sinplea da baina helburua zehatza dauka: erritmo herren hori sentitzea eta ongi barneratzea. Ea baliagarria den!
Lana nirekin prestatzen dute eta gutxi-gorabehera saio bakoitzean ikasle baten aurkezpena ikusten dugu. Hasierako 10 minutuak erabiltzen ditugu horretarako. Momentuz, Erdi Aroan hasi eta Barrokoan bukatu dugu eta bidean Kassia, Alfontso X. "Jakintsua", Hildegard von Bingen, Juan de Antxieta, Franccesca Caccini, Bach, Kalam eta Palestrina izan dira ezagutu ditugunak.
Askotan galdetu didazue ze programa erabiltzen dudan nire bideoak sortzeko, baina erabiltzen dudana ordainketaren bidezkoa denez ezin izan dizuet asko lagundu.
Alternatibak bilatzen egon naiz eta OPENSHOT programarekin topatu naiz: kode irekia, librea eta doakoa da. Nahiko erraza erabiltzeko eta aukera dexente eskeintzen ditu. Probatu dut eta erritmogramak ala edalontzi-jolas motatako gauzak prestatzeko oso funtzionala dela iruditzen zait.
Hemen duzue programa honekin sortu dudan bideoa. Elementu desberdinak erabili ditut:
Irudi bat (fitxa)
Bideoa (mobilarekin grabatuta)
Audioa (audacityrekin sortuta)
Pultsua markatzen duen "markadorea" (izartxoa)
Youtuben tutorial dexente topatuko badituzuen arren,Bideo tutorial bat prestatu dizuet oinarrizko edizio batekin hasi ahal izateko. Uste det zuen bideoak sortzen hasteko garrantzitsuena bildu dudala.
Programa honetan testua eta izenburu mugikorrak txertatu ahal izateko bi programa hauek instalatu behar dira: Inkscape eta Blender. Azpiko tutorialean egin beharrekoa ondo azaltzen da. Dena den, ez badizue grazia handirik egiten programa horiek instalatzea, izenburuak, hasierako aurkezpena ala kreditoak, CANVAn sortu ditzakezue eta gero bideoaren hasieran zein bukaeran argazki moduan txertatu dezakezue.
Bada justu urte bat abesti honen bertsioa etxean egin genuela eta erabilgarria izan dadin bideo formatoan jarri dut. Hainbat abesti eskura ditugu gure euskararen eguna ospatzeko, hemen doa gure ekarpentxoa!
Gaur Santa Zezilia da, musikarien eguna, eta zuekin konpartitu nahi dut iritsi zaidan oparitxoa. Ze pozik jarri naizen, mila esker Nadet bideoa bidaltzeagatik!
Bideo-tutorial bat da, non oso modu errazan azaltzen da nola bihurtu edozein goilara mota musika-tresna. Bakarrik hiru material behar ditugu:
Tamaina berdineko goilarak
Zelo edo zinta isolatzailea
Orri bat A4 tamainakoa.
Probatu dut eta hemen duzue emaitza. Nire kasuan, goilaren formagatik, bi orri erabili behar izan ditut oso inportantea delako goilaren tartean hutsune bat egotea.
Animatzen bazarete, etxean egin eta eskolara ekarri, erabiliko ditugu erritmogramak egiten ditugunean!
Aulamusicasanra bloggean oso proiektu polita eta interesgarriak egiten dituzte, niri asko gustatzen zait. Hauetako batean, intentsitateko erreguladoreen lanketa zoragarria egin dute. Mila esker Arantza zuen lana partekatzeagatik eta laguntza eskeintzeagatik!
"Pianissimo" izeneko musika-pieza bat erabiltzen dute, Lanfranco Perinik sortutakoa. Bertan, intentsitateko erreguladoreen hitzak erritmikoki erabiltzen dira: pianissimo, piano, forte, fortissimo, diminuendo eta cresccendo. Pieza honen bidez ikasleek intentsitateko aldaketak biziko dituzte.
Lehenik eta behin, atentzioa jarriko diegu orkestrako zuzendariei, haien esku keinuek orkestrak interpretatzen duen musika-lanaren intentsitateko aldaketak markatzen dutelako besteak beste.
Niri iritziz, zuzendaririk espresiboena Gustavo Dudamel da. Haren keinuei arreta jarriko diegu eta bera bezala mugituko gara. Makil txinatar bat hartu eta zuzendari bihurtuko gara!
Ondoren, hurrengo bideoan, Ilsaltanote instituko ikasleek ikus ditzakegu "Pianissimo" obra interpretatzen. Zuzendariak egiten dituen keinuak ikasiko ditugu eta horrela guk ere antzeko moduan interpretatuko dugu.
Azkenik, ikasleek erreguladoreen ikurrak irakurriz haiek bakarrik interpretatuko dute "batuta" eskutan dutela.
Hau da kantaren letra:
Pianissimo - Pianissimo - Piano - Piano
Crescendo - Crescendo - Crescendo - Crescendo
Forte - Forte - Forte - Forte
Fortissimo - Fortissimo - Pianissimo - Pianissimo
Fortissimo - Fortissimo - Pianissimo - Pianissimo
Fortissimo - Fortissimo - Piano -Forte
Piano - Forte - Diminuendo - Crescendo - Diminuendo - Crescendo
Forte - Fortissimo - Pianissimo - Pianissimo
issimo... issimo... issimo...
Lan hau osatzeko, ikusiko dugu bideo hau, oso ondo etorriko zaigu ere. Mila esker Iratxe partekatzeagatik!
Hau da Ainhoa Sukiaren baliabidea. Ñabardurak ordenatu behar ditugu ozenagatik suabenera.
Irudi musikalak soinuaren eta isiltasunaren iraupena irudikatzeko erabiltzen dira. Iraupen hori zehatz neurtzeko, pultsu musikalaz baliatzen gara. Segun eta zenbat pultsu irauten dituen soinu ala isiltasun batek, irudi bat ala bestea erabiliko dugu.
Ikasle batzuentzat kontzeptu hau oso abstraktoa izan daiteke, beraz, SMILE AND LEARN YouTubeko kanalaren bideo pare bat erabili ditut kontzeptu hauek argiago azaltzeko. Ea lagungarria den!
CREA Música kanaleko bideo honetan ere oso ondo adierazten da.
Ikasturtean zehar ikasleek konpositoreei buruzko aurkezpenak egingo dituzte; ikasle bakoitzak bat egingo du. Hasiera batean aurrez aurreko ahozko aurkezpenetan pentsatzen aritu nintzen baina musukoekin egiteak jarduera zaildu egiten du. Horregatik aurrez aurre egin beharrean, eskolan audioa grabatuko dute eta informazio guztia (audioa, argazkiak eta musika-lanaren bideoa) google aurkezpenak dokumentu batean aurkeztuko dute. Ikasle guztiekin konpartituko dudan dokumentua izango da hori, beraz bertan ikasle guztien biografiak jasoko dira. Konpositoreen biografia aurkezteaz gain, garai historikoari buruzko hainbat ezugarri ere aipatu beharko dituzte.
Lan hau burutzeko Classroom martxan jarri dut, ikasleek beharko duten material guztia biltzeko oso erosoa delako.
Saio bakoitzean hasierako 10 minutuak (+-) eskeiniko dira aurkezpenak egiteko. Aurkezpena amaitzerakoan, entzundakoari buruzko galderak egiten dizkiet.
Informazio guztia FITXA batean jasoko dute, hori da audioan grabatu beharko dutena.
Informazioa WEB orri honetatik jasoko dute:
Ikasle bakoitzak nahi duen konpositorea aukeratuko du eta izena-emateko orria gelan jarriko da.
Gelako paretan, denbora lerro bat jarriko dugu eta konpositoreak ezagutu heinean, haien argazkiak kokatu ditzakegu dagozkien garai historikoan.
Historian kuxkuxeatzeko dudan joeraren ondorioz, denbora lerroan Dionisio Eskasa, gure urteak zenbatzeko sistemarenasmatzailea, agertzen denez informazio pixka bat gehitu nahiko nuke. Ez da konpositoreen lanari dagokion gaia baina tira, hortxe doa!
Aitzinetakoek oso modu desberdinetan zenbatzen zituzten urteak. Greziarrek adibidez Olinpiaden bitartez egiten zuten. Hauek, gaur egun bezala, lau urtetik behin ospatzen ziren eta gertaera inportanteak honen arabera zenbatzen ziren.
Adibidez, Perikles-ek, Atenaseko oso politikari inportante bat zena, hirurogeita hamazazpigarren Olinpiaden bigarren urtean gorbenatu zuen. Hau bai zela konplikatua!!
Erromatarrek erabiltzen zuten sistemak aldiz, Erromako hiriaren sorkuntzan dauka abiapuntua. Urte hori 1 urtea ad Urbe Condita edo 1 urte a.U.C. izendatzen zen. Erromaren sorrerari buruz oso bideo polita ikus dezakezue azkenengo loturan.
Romulo eta Remo
Erromatarren sistema erabiliko dugu Erdi Aroan murgiltzeko. 1228. urtean a.U.C. Dionisio Eskasa izeneko fraile bat bizi zen. Behingoz berari buruz ari naiz! Jatorriz, Siriakoa zen eta oso aditua zen matematiketan. Dionisiok Bibliako datu batzuk aztertuz, Jesukristoren jaiotza 754. urtean a.U.C. izan zela kalkulatu zuen. Data hau onartua izan zen eta Kristau Erari hasiera eman zion. Beraz, erromatarren sistemako data hori gure sistemara itzultzen badugu 525. uretan Kristo ondoren (k.o.) izango litzateke.
Aste batzuk daramatzagu klaseak ematen eta ahots soken nekea ikaragarria da. Etengabe hitz egin behar dugu (hori ez da aldatu) eta musukoek behartzen gaituzte fuerte hitz egitera. Bestalde, airea ongi ezin hartzeak buruko mina sortzen digu eta ahoa asko lehortzen da... egia esan, gogorra egiten ari da.
Haur-hezkuntzan batez ere, aurpegi-espresioa oso inportantea da, baina tamalez galdu egin da. Askotan musukoaren atzean kriston iribarra egiten det ea begietan zerbait nabaritzen den; sentsazioa gazi-geza da...
Hori alde batetik, eta bestetik, oso zaila egiten ari zait ikasleei entzutea, ez dutelako gu bezain fuerte hitz egiten eta askotan behin eta berriro galdetuta ere ez diet entzuten...
Eskolako txikiak espazioan mugitzea ezinbestekoa dute eta geletan espaziorik ez dagoenez, zenbait saiotan musika eta mugimendua kanpoko atarian egitea gustatuko litzaidake. Ezin bada, gelan moldatu beharko!
Youtuben salseatzen ibili naiz eta adin honetan musika eta mugimendua egiteko oso proposamen majoak topatu ditut. Wix honetan bildu ditut eta audioak deskargatzeko aukera ere badago. Nire kasuan bafle eramangarri bat erosi dut eta USB batekin moldatuko naiz.
Uda arraro honetan nire helburuetako bat deskonektatzea bazen ere, egunero irakurtzen ditudan berriak irailaren kurtso hasieran pentsatzera etengabe bultzatzen naute; aitortzen dizuet bai, urduri nago. Iraila gainean dago eta azken berriek diotenez, ratioak ez dira jeitsiko ezta irakasle zein garbitzaile gehiago kontratatuko; gauzak horrela, malabareak eta magia egitera behartuta gaude eta gure eskolak ez dira Howards bezalakoa... Nik behintzat oraindik ez dakit magiarik egiten... Egia esan ez dut ikusten inondik inora aurrez aurrreko eskola ez den beste eszenatokirik, ezinbestekoa da ikasleak eskolara bueltatzea, baina tamalez ez dugu baldintza hoberenetan egingo. Oilo ipurdi jartzen zait pentsatzean gehienez 10 laguneko bilerak egitera behartuta gaudenean, baina eskolan aldiz 20 ikasletik gorako burbuila zoragarri horietan elkartuko garela gure osasuna, ikasleena eta gure familiena arriskuan jarriz. Eskolan jarraituko dugun protokolo orokorratik aparte, gure zuzendaritza taldeek izerditan, presaka eta itsuka sortu behar izan duten protokolo hori, nola jokatuko dugu musika-irakasleok gure espezialitatea aurrera eraman ahal izateko? Ikusita goiko esferetatik ez dugula jasoko ezta ogi apurtxo bat, eta zerbait eskeintzera animatzen badira beranduegi guretzat, hoberena gure arteko elkartasuna piztea izango da. Betiko moduan, irakasle orok "berasmatuko" ditugu gure buruak aurrera egiteko. Musika-irakasleok eskola osoan klaseak ematen ditugunez eta gure ezaugarrietako bat talde osoko jarduerak direnez, beharra ikusten dut gogoeta bat egitea musika-jardueraren inguruan. Ni zorionekoa naiz eskola batean plaza dudalako, baina gogoan zaituztet eskola berri batera iritsiko zaretenak, eta nolabait, zuen eskutara zenbait laguntza eskeini nahiko nizueke ahalik eta hasiera hoberen izan zaitezten. Hementxe, orain arte toki desberdinetatik irakurri ditudan gomendioak edo izan ditudan ideiak zuekin partekatuko ditut bi atal desberdinduz: garbitasun neurriak eta klaseko edukiak. GARBITASUN NEURRIAK: 1. Klaseak musika-gelatik kanpo egitea, hau da, gelaz gela ibiltzea. Puntu honetan ez dut zalantzarik, nik behintzat oso arriskutsua ikusten dut eskolako ikasle guztiak gela berdinatik pasatzen ibiltzea. 2. Musika-gelan egongo bagina, azken 10 minutuak gela aireatzeko, ikasleei gela emateko eta mahaiak desinfektatzeko erabiliko genituzke. Perkusio txikiko tresnak ere ez ditut erabiliko, baina erabiltzekotan oso momentu konkretuetan izango litzateke; erabiltzekotan, desinfektatu egin beharko lirateke. 3. Gelan sartzeko eta ateratzeko zerrendaren araberako hilarak ikasleen arteko gutxieneko distantzia mantenduz (amatxo maitia, badakit utopikoa dela). 4. Aurpegirako pantalla, FFP2 musukoa eta mantala. KLASEKO EDUKIAK 1. Praktika instrumentala: Haizezko tresnak (txirula, armonika, poxpolina...) ezin dira erabili. Multzo honetan kantua ere sartzen da. Abestea ez da gomendagarria bota daitezken listu-ttanttengatik, beraz egitekotan ikasleek musukoak eraman beharko lituzkete; dena den, ez luke izan beharko ohizko praktika bat. Positiboak izateko, normalean bigarren mailan gelditu diren praktika musikal batzuk orain protagonistak bihurtuko dira: gorputz-perkusioa, makilak, kotidiofonoak, eskuak... Aukera pila bat ditugu gure eskola musikaz betetzeko. Hemen ideia batzuk partekatuko dizkizuet (klikatu izenburutan): -Banakako esku-jolasak edo objektuak: objetu desberdinekin egindako erritmoak (makilak, errotulagailuak, goilarak, edalontziak...) -Gorputz-perkusioa -Erritmogramak: makiltxoekin edo okurrituko zaigun edozein gauzarekin egiteko. -Visual Musical Minds: (YouTubeko erreprodukzio zerrenda bat da non erritmo ariketak mailakatuak jarraitu daitezken) 2.Musika eta mugimendua: haur-hezkuntzan eta lehenengo zikloan egiteko mugimenduzko proposamenak dira. Espazio zabala behar dugunez, jarduera hauek gela arruntetan ezin dira egin, beraz, eskoletako atarietan egin daitezke.
3.Musika-mintzaira: Egoera honetan banakako lanari lehentasuna emango diot, eta hortarako fitxa-liburuxkak erabiliko ditugu. Lotura honetan (KLIK)LH 1-2-3 mailentzako fitxen adibide batzuk ikus dezakezue. Interesatuak egonez gero blogaren bitartez korreo bat idatzi ahal didazue eta partekatuko dizuet. Ez ditut osorik erabiliko baina oinarria moduan oso lagungarriak izan daitezke. LH 4-5-6 mailentzako zenbait fitxa baditut ere, ez ditut oraindik partekatzeko prest, baina edukitzerakoan hemendik ere partekatuko nituzke. Maila hauetan proeiktuka lana egiten dugu eta gustatuko litzaidake horietako proiekturen bat egokitzea.
4. Entzunaldiak: -Musikogramak -Asmatu instrumentuen soinua -Marrazgramak -Ipuin musikalak -WIX entzunaldiak eta instrumentazioak: Ugaro musika gela bloggean, hainbat entzunaldi eta instrumentazioak mailaka antolatutak bilduta daude wix honetan. Mila esker Marisa! -Entzunaldi Enea: entzunaldi aktiboak egiteko hainbat proposamen aurkituko ditugu. Mila esker Antton! -Erlaxazioa: material itzela dugu hemen ikasleekin erlaxazio ariketak egiteko. Mila esker berriro Antton! -Meditazioa haurrentzat: musikakueto blogean arreta osoa lantzeko aukera zoragarria sortu diguna ere Itziarrek. Mila esker! 5. Kultura musikala: Banakako jarduera moduan egiteko momentuz bi proposamen hauek okurritzen zaizkit: -Musika-tresnak: haizezkoa (Klik egin), harizkoak (Klik egin), perkusiozkoak (Klik egin) -Konpositoreak: konpositoreen biografia laburra irakurri ondoren, informazioa fitxa batean jaso dezakete eta horiek egiten heinean liburuxka bat osatu dezakete.
Espero dut lagungarria izatea eta aprobetsatuko dut hasiera ahalik eta hoberen opatzeko. Edozein esperientziak edo ideiak ere ongietorriak izango dira. Animo guztiei! Eutsi goiari!