maiatza 02, 2015

CARMINA BURANA kantata

Kuxkuxero txokoaren ekarpen berria CARMINA BURANA  kantataren lehenengo mugimendua da: “O Fortuna”Baina entzun baino lehen gauza batzuk argituko ditugu: 

1. Zer da kantata?
Kantata barroko garaian sortutako musika-forma bat da,  kantatzeko musika esan nahi duena. Normalean, ahots batentzat idatzitako musika da, hala eta guztiz ere,  bat baino gehiagorentzat ere izan daiteke.  Akonpainamendu instrumentalaz eta, batzuetan ere, abesbatzaz lagunduta dago.

2. Zein da Carmina Buranaren jatorria?
CARMINA BURANAren jatorria, Erdi Aroan aurkitzen da. Garai horretako eskuidatzi bat da, 1800. urtean Alemaniako monastegi batean topatu zena.
Monastegi bateko idatzi bat bazen, pentsa dezakegu idatzi horren gaia erlijiosoa izan beharko lukeela, hau da, Jainkoari buruz hitz egin beharko lukeela. Hala eta guztiz ere, gaia zeharo profanoa da. Olerki horietan amodioari eta ardoari buruzko gaiak aurkitzeaz gain, botereari eta elizari burla edo kritika bat egiten zaie. 

3. Zeintzuk ziren goilardoak?
Olerki profano horiek goilardoak idatzi zituzten. Goliardoak noragabeko elizgizonak ziren, monastegitik kanporatuak edo ihes egindakoak izan zirenak, eta haien olerkien bidez, boteretsuen eta ahaldunen bizitza kritikatzen zuten.

4. Zeinek idatzi zuen CARMINA BURANAko kantata?
Carl Orff  konpositoreak  olerki hauetatik 24 aukeratu zituen kantata idazteko 1936. urtean. Musika-lan honek munduan ospea eman zion.
Konpositorea izateaz gain hezkuntza-musikalaren irakaslea izan zen. 

5. Carl Orff-ek zer metodo asmatu zuen?
Erritmo, mugimendu eta dantzari buruzko eskola bat sortu zuen eta gaur egungo eskola askotan bera asmatutako musika-metodoa erabiltzen da: Orff-metodoa.
Metodo hau ama-hizkuntzatik hasten da. Hitzen erritmotik abiatuz lehenengo erritmoak sortzen dira; ondoren, perkusio txikiko tresnak erabiltzen dira, eta erritmo horiei doinua gehitzen zaie plaka-instrumentuen bidez (xilofonoen eta metalofonoen bidez).

Beraz, esan dezakegu berari zor diogula eskoletan perkusio txikikoen eta plaka-instrumentuen erabilpena. 

Goazen orain Carmina Buranaren lehenengo mugimendua entzutera: O FORTUNA. Abisatzen dizuet oilo-ipurdia jarriko zaizuela!

Lehenengo bertsio honetan perkusio-jotzaileak pasada bat dira!





Mila esker maisua!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Zerbait komentatu nahi duzu?