apirilak 02, 2019

Vivaldiren udaberria.

Vivaldiren musikarekin udaberriaren iritsiera ospatuko dugu. Bideo hau MUSICAEDUCAk sortutako ipuinaren egokitzapena da, euskaraz eta zenbait moldaketekin. 


Askok eta askok ezagutuko duzue eta bakoitzak bere "toke" propio emanten badion arren kontatuko dizuet nola lantzen dudan. 4 eta 5 urtekoekin.




Bideoa ikusi ondoren, apur bat komentatzen diet nor den konpositorea eta hasten gara dramatizazio bat egiten ipuineko pertsonai bihurtuz. 

Entzunaldia ongi jarrai dezaten marrazkiak eraskusten dizkiet, horrela jakingo dute doinu bakoitzean zertan bihurtu beharko diren. Lorea gai nagusia izango da. Gai nagusiko doinuarekin hau kantatzen dugu:

Udaberria heldu da,
dena kolorez jantzi da 
zelaiak esnatu dira (BIS)

Txoritxoek adarretan
abesten dute goizero,
bizitza berritzen ari da. (BIS)


Hurrengo jardueran, ikasle bakoitzari pertsonaiak banatzen dizkiet  margotu ditzaten, eta geroago, egindako marrazkiak beste entzunaldi batean erabiliko ditugu. Kasu honetan dramatizatu beharrean, entzundako doinuaren arabera marrazkiak altsatu-erakutsi beharko dituzte.

Musika-tresnak ere erabiliko ditugu. Musikaren doinu bakoitza ongi barneratuta dutenez ikasleak lau taldetan banatzen ditut. Talde bakoitzak pertsonai bat izango da:
  1. Lorea (kaskabilo)
  2. Txoria (pandereta)
  3. Ibaia (marakak)
  4. Tximeleta (triangelua)
Entzunaldia bi alditan lantzen dugu. Lehenengoan, marrazkiak erakusten diet, baina bigarren aldian marrazki gabe egiten dugu. Doinua jarraituz, ikasle bakoitzak jakin beharko du noiz jo behar duen.

Bukatzeko, entzunaldia oso landuta dagoenez, marrazki hauek ordenatu ditzakete: denon artean talde handian, ikasle bakoitzari fitxa emanez...