abendua 07, 2020

OPENSHOT doako bideo editorea

 Askotan galdetu didazue ze programa erabiltzen dudan nire bideoak sortzeko, baina erabiltzen dudana ordainketaren bidezkoa denez ezin izan dizuet asko lagundu.

Alternatibak bilatzen egon naiz eta OPENSHOT programarekin topatu naiz: kode irekia, librea eta doakoa da. Nahiko erraza erabiltzeko eta aukera dexente eskeintzen ditu. Probatu dut eta erritmogramak ala edalontzi-jolas motatako gauzak prestatzeko oso funtzionala dela iruditzen zait. 

Hemen duzue programa honekin sortu dudan bideoa. Elementu desberdinak erabili ditut:

  • Irudi bat (fitxa)
  • Bideoa (mobilarekin grabatuta)
  • Audioa (audacityrekin sortuta)
  • Pultsua markatzen duen "markadorea" (izartxoa)


Youtuben tutorial dexente topatuko badituzuen arren, Bideo tutorial bat prestatu dizuet oinarrizko edizio batekin hasi ahal izateko. Uste det zuen bideoak sortzen hasteko garrantzitsuena bildu dudala.



Programa honetan testua eta izenburu mugikorrak txertatu ahal izateko bi programa hauek instalatu behar dira: Inkscape eta Blender. Azpiko tutorialean egin beharrekoa ondo azaltzen da. Dena den, ez badizue grazia handirik egiten programa horiek instalatzea, izenburuak, hasierako aurkezpena ala kreditoak,  CANVAn sortu ditzakezue eta gero bideoaren hasieran zein bukaeran argazki moduan txertatu dezakezue. 


azaroa 27, 2020

Euskal Herrian Euskaraz

Bada justu urte bat abesti honen bertsioa etxean egin genuela eta erabilgarria izan dadin bideo formatoan jarri dut. Hainbat abesti eskura ditugu gure euskararen eguna ospatzeko, hemen doa gure ekarpentxoa!


 

azaroa 22, 2020

Goilarak bihurtu musika-tresna!

Gaur Santa Zezilia da, musikarien eguna, eta zuekin konpartitu nahi dut iritsi zaidan oparitxoa. Ze pozik jarri naizen, mila esker Nadet bideoa bidaltzeagatik! 

Bideo-tutorial bat da, non oso modu errazan azaltzen da nola bihurtu edozein goilara mota musika-tresna. Bakarrik hiru material behar ditugu: 

  • Tamaina berdineko goilarak
  • Zelo edo zinta isolatzailea
  • Orri bat A4 tamainakoa.

Probatu dut eta hemen duzue emaitza. Nire kasuan, goilaren formagatik, bi orri erabili behar izan ditut oso inportantea delako goilaren tartean hutsune bat egotea.

                   

Animatzen bazarete, etxean egin eta eskolara ekarri, erabiliko ditugu erritmogramak egiten ditugunean!

azaroa 20, 2020

Intentsitateko erreguladoreak

Aulamusicasanra bloggean oso proiektu polita eta interesgarriak egiten dituzte, niri asko gustatzen zait. Hauetako batean, intentsitateko erreguladoreen lanketa zoragarria egin dute. Mila esker Arantza zuen lana partekatzeagatik eta laguntza eskeintzeagatik!

"Pianissimo" izeneko musika-pieza bat erabiltzen dute, Lanfranco Perinik sortutakoa. Bertan, intentsitateko erreguladoreen hitzak erritmikoki erabiltzen dira: pianissimo, piano, forte, fortissimo, diminuendo eta cresccendo. Pieza honen bidez ikasleek intentsitateko aldaketak biziko dituzte.


Lehenik eta behin, atentzioa jarriko diegu orkestrako zuzendariei, haien esku keinuek orkestrak interpretatzen duen  musika-lanaren intentsitateko aldaketak markatzen dutelako besteak beste.

Niri iritziz, zuzendaririk espresiboena Gustavo Dudamel da. Haren keinuei arreta jarriko diegu eta bera bezala mugituko gara. Makil txinatar bat hartu eta zuzendari bihurtuko gara!



Ondoren, hurrengo bideoan, Ilsaltanote instituko ikasleek ikus ditzakegu "Pianissimo" obra interpretatzen. Zuzendariak egiten dituen keinuak ikasiko ditugu eta horrela guk ere antzeko moduan interpretatuko dugu. 


Azkenik, ikasleek erreguladoreen ikurrak irakurriz haiek bakarrik interpretatuko dute "batuta" eskutan dutela. 

Hau da kantaren letra:

Pianissimo - Pianissimo - Piano - Piano

Crescendo - Crescendo - Crescendo - Crescendo

Forte - Forte - Forte - Forte 

Fortissimo - Fortissimo - Pianissimo - Pianissimo

Fortissimo - Fortissimo - Pianissimo - Pianissimo

Fortissimo - Fortissimo - Piano -Forte

Piano - Forte - Diminuendo - Crescendo - Diminuendo - Crescendo

Forte - Fortissimo - Pianissimo - Pianissimo

issimo...     issimo...   issimo...


Lan hau osatzeko, ikusiko dugu bideo hau, oso ondo etorriko zaigu ere. Mila esker Iratxe partekatzeagatik!


Hau da Ainhoa Sukiaren baliabidea. Ñabardurak ordenatu behar ditugu ozenagatik suabenera.



azaroa 08, 2020

Irudi musikalak: borobila, zuria, beltza, kortxea eta haien isiltasunak

Irudi musikalak soinuaren eta isiltasunaren iraupena irudikatzeko erabiltzen dira. Iraupen hori zehatz neurtzeko, pultsu musikalaz baliatzen gara. Segun eta zenbat pultsu irauten dituen soinu ala isiltasun batek, irudi bat ala bestea erabiliko dugu.

Ikasle batzuentzat kontzeptu hau oso abstraktoa izan daiteke, beraz, SMILE AND LEARN YouTubeko kanalaren bideo pare bat erabili ditut kontzeptu hauek argiago azaltzeko. Ea lagungarria den!


CREA Música kanaleko bideo honetan ere oso ondo adierazten da.  



urria 02, 2020

Konpositoreen biografiak. "Google aurkezpenak"

Ikasturtean zehar ikasleek konpositoreei buruzko aurkezpenak egingo dituzte; ikasle bakoitzak bat egingo du. Hasiera batean aurrez aurreko ahozko aurkezpenetan pentsatzen aritu nintzen baina musukoekin egiteak jarduera zaildu egiten du. Horregatik aurrez aurre egin beharrean, eskolan audioa grabatuko dute eta informazio guztia (audioa, argazkiak eta musika-lanaren bideoa) google aurkezpenak dokumentu batean aurkeztuko dute. Ikasle guztiekin konpartituko dudan dokumentua izango da hori, beraz bertan ikasle guztien biografiak jasoko dira. Konpositoreen biografia aurkezteaz gain, garai historikoari buruzko hainbat ezugarri ere aipatu beharko dituzte. 

Lan hau burutzeko Classroom martxan jarri dut, ikasleek beharko duten material guztia biltzeko oso erosoa delako.

Lana egiteko ARGIBIDEAK lotura honetan ikus ditzakezue.

Saio bakoitzean hasierako 10 minutuak (+-) eskeiniko dira aurkezpenak egiteko. Aurkezpena amaitzerakoan, entzundakoari buruzko galderak egiten dizkiet.

Informazio guztia FITXA batean jasoko dute, hori da audioan grabatu beharko dutena.

Informazioa WEB orri honetatik jasoko dute:

Ikasle bakoitzak nahi duen konpositorea aukeratuko du eta izena-emateko orria gelan jarriko da. 


Gelako paretan, denbora lerro bat jarriko dugu eta konpositoreak ezagutu heinean, haien argazkiak kokatu ditzakegu dagozkien garai historikoan. 


Historian kuxkuxeatzeko dudan joeraren ondorioz, denbora lerroan Dionisio Eskasa, gure urteak zenbatzeko sistemaren asmatzaileaagertzen denez informazio pixka bat gehitu nahiko nuke. Ez da konpositoreen lanari dagokion gaia baina tira, hortxe doa!  

Aitzinetakoek oso modu desberdinetan zenbatzen zituzten urteak. Greziarrek adibidez Olinpiaden bitartez egiten zuten. Hauek, gaur egun bezala, lau urtetik behin ospatzen ziren eta gertaera inportanteak honen arabera zenbatzen ziren. 

Adibidez, Perikles-ek, Atenaseko oso politikari inportante bat zena, hirurogeita hamazazpigarren Olinpiaden bigarren urtean gorbenatu zuen. Hau bai zela konplikatua!!

Erromatarrek erabiltzen zuten sistemak aldiz, Erromako hiriaren sorkuntzan dauka abiapuntua. Urte hori 1 urtea ad Urbe Condita edo 1 urte a.U.C. izendatzen zen. Erromaren sorrerari buruz oso bideo polita ikus dezakezue azkenengo loturan.

Romulo eta Remo

Erromatarren sistema erabiliko dugu Erdi Aroan murgiltzeko. 1228. urtean a.U.C. Dionisio Eskasa izeneko fraile bat bizi zen. Behingoz berari buruz ari naiz!  Jatorriz, Siriakoa zen eta oso aditua zen matematiketan. Dionisiok Bibliako datu batzuk aztertuz, Jesukristoren jaiotza 754. urtean a.U.C. izan zela kalkulatu zuen. Data hau onartua izan zen eta Kristau Erari hasiera eman zion. Beraz, erromatarren sistemako data hori gure sistemara itzultzen badugu 525. uretan Kristo ondoren (k.o.) izango litzateke.



iraila 28, 2020

Musika eta Mugimendua. Haur-hezkuntza eta lehenengo zikloa.

Aste batzuk daramatzagu klaseak ematen eta ahots soken nekea ikaragarria da. Etengabe hitz egin behar dugu (hori ez da aldatu) eta musukoek behartzen gaituzte fuerte hitz egitera. Bestalde, airea ongi ezin hartzeak buruko mina sortzen digu eta ahoa asko lehortzen da... egia esan, gogorra egiten ari da. 

Haur-hezkuntzan batez ere, aurpegi-espresioa  oso inportantea da, baina tamalez galdu egin da. Askotan musukoaren atzean kriston iribarra egiten det ea begietan zerbait nabaritzen den; sentsazioa gazi-geza da...

Hori alde batetik, eta bestetik, oso zaila egiten ari zait ikasleei entzutea, ez dutelako gu bezain fuerte hitz egiten eta askotan behin eta berriro galdetuta ere ez diet entzuten... 

Eskolako txikiak espazioan mugitzea ezinbestekoa dute eta geletan espaziorik ez dagoenez, zenbait saiotan musika eta mugimendua kanpoko atarian egitea gustatuko litzaidake. Ezin bada, gelan moldatu beharko!

Youtuben salseatzen ibili naiz eta adin honetan musika eta mugimendua egiteko oso proposamen majoak topatu ditut. Wix honetan bildu ditut eta audioak deskargatzeko aukera ere badago. Nire kasuan bafle eramangarri bat erosi dut eta USB batekin moldatuko naiz.

Animo guztioi!


abuztua 19, 2020

Ikasturte hasiera COVID-19 garaian

Uda arraro honetan nire helburuetako bat deskonektatzea bazen ere, egunero irakurtzen ditudan berriak irailaren kurtso hasieran pentsatzera etengabe bultzatzen naute; aitortzen dizuet bai, urduri nago.
Iraila gainean dago eta azken berriek diotenez, ratioak ez dira jeitsiko ezta irakasle zein garbitzaile gehiago kontratatuko; gauzak horrela, malabareak eta magia egitera behartuta gaude eta gure eskolak ez dira Howards bezalakoa... Nik behintzat oraindik ez dakit magiarik egiten...

Egia esan ez dut ikusten inondik inora aurrez aurrreko eskola ez den beste eszenatokirik, ezinbestekoa da ikasleak eskolara bueltatzea, baina tamalez ez dugu baldintza hoberenetan egingo. 
Oilo ipurdi jartzen zait pentsatzean gehienez 10 laguneko bilerak egitera behartuta gaudenean, baina eskolan aldiz 20 ikasletik gorako burbuila zoragarri horietan elkartuko garela gure osasuna, ikasleena eta gure familiena arriskuan jarriz. 

Eskolan jarraituko dugun protokolo orokorratik aparte, gure zuzendaritza taldeek izerditan, presaka eta itsuka sortu behar izan duten protokolo hori, nola jokatuko dugu musika-irakasleok gure espezialitatea aurrera eraman ahal izateko? 

Ikusita goiko esferetatik ez dugula jasoko ezta ogi apurtxo bat, eta zerbait eskeintzera animatzen badira beranduegi guretzat, hoberena gure arteko elkartasuna piztea izango da. Betiko moduan, irakasle orok "berasmatuko" ditugu gure buruak aurrera egiteko.

Musika-irakasleok eskola osoan klaseak ematen ditugunez eta gure ezaugarrietako bat talde osoko jarduerak direnez, beharra ikusten dut gogoeta bat egitea musika-jardueraren inguruan. Ni zorionekoa naiz eskola batean plaza dudalako, baina gogoan zaituztet eskola berri batera iritsiko zaretenak, eta nolabait, zuen eskutara zenbait laguntza eskeini nahiko nizueke ahalik eta hasiera hoberen izan zaitezten. 

Hementxe, orain arte toki desberdinetatik irakurri ditudan gomendioak edo izan ditudan ideiak zuekin partekatuko ditut bi  atal desberdinduz: garbitasun neurriak eta klaseko edukiak.

GARBITASUN NEURRIAK:

 1. Klaseak musika-gelatik kanpo egitea, hau da, gelaz gela ibiltzea. Puntu honetan ez dut zalantzarik, nik behintzat oso arriskutsua ikusten dut eskolako ikasle guztiak gela berdinatik pasatzen ibiltzea.  

2. Musika-gelan egongo bagina, azken 10 minutuak gela aireatzeko, ikasleei gela emateko eta mahaiak desinfektatzeko erabiliko genituzke. Perkusio txikiko tresnak ere ez ditut erabiliko, baina erabiltzekotan oso momentu konkretuetan izango litzateke; erabiltzekotan, desinfektatu egin beharko lirateke. 

3. Gelan sartzeko eta ateratzeko zerrendaren araberako hilarak ikasleen arteko gutxieneko distantzia mantenduz (amatxo maitia, badakit utopikoa dela).

4. Aurpegirako pantalla, FFP2 musukoa eta mantala. 

KLASEKO EDUKIAK

1. Praktika instrumentala:
Haizezko tresnak (txirula, armonika, poxpolina...) ezin dira erabili. Multzo honetan kantua ere sartzen da. Abestea ez da gomendagarria bota daitezken listu-ttanttengatik, beraz egitekotan ikasleek musukoak eraman beharko lituzkete; dena den, ez luke izan beharko ohizko praktika bat. Positiboak izateko, normalean bigarren mailan gelditu diren praktika musikal batzuk orain protagonistak bihurtuko dira: gorputz-perkusioa, makilak, kotidiofonoak, eskuak... Aukera pila bat ditugu gure eskola musikaz betetzeko. Hemen ideia batzuk partekatuko dizkizuet (klikatu izenburutan):

-Banakako esku-jolasak edo objektuak: objetu desberdinekin egindako erritmoak (makilak, errotulagailuak, goilarak, edalontziak...)
-Gorputz-perkusioa
-Erritmogramak: makiltxoekin edo okurrituko zaigun edozein gauzarekin egiteko.
-Visual Musical Minds: (YouTubeko erreprodukzio zerrenda bat da non erritmo ariketak mailakatuak jarraitu daitezken)

2.Musika eta mugimendua: haur-hezkuntzan eta lehenengo zikloan egiteko mugimenduzko proposamenak dira. Espazio zabala behar dugunez, jarduera hauek gela arruntetan ezin dira egin, beraz, eskoletako atarietan egin daitezke.

3. Musika-mintzaira:
Egoera honetan banakako lanari lehentasuna emango diot, eta hortarako fitxa-liburuxkak erabiliko ditugu. 
Lotura honetan (KLIK) LH 1-2-3 mailentzako fitxen adibide batzuk ikus dezakezue. Interesatuak egonez gero blogaren bitartez korreo bat idatzi ahal didazue eta partekatuko dizuet. Ez ditut osorik erabiliko baina oinarria moduan oso lagungarriak izan daitezke. 
LH 4-5-6 mailentzako zenbait fitxa baditut ere, ez ditut oraindik partekatzeko prest, baina edukitzerakoan hemendik ere partekatuko nituzke. Maila hauetan proeiktuka lana egiten dugu eta gustatuko litzaidake horietako proiekturen bat egokitzea. 

4. Entzunaldiak:
-Musikogramak
-Asmatu instrumentuen soinua
-Marrazgramak
-Ipuin musikalak
-WIX entzunaldiak eta instrumentazioak: Ugaro musika gela  bloggean, hainbat entzunaldi eta instrumentazioak mailaka antolatutak bilduta daude wix honetan. Mila esker Marisa!
-Entzunaldi Enea: entzunaldi aktiboak egiteko hainbat proposamen aurkituko ditugu. Mila esker Antton!
-Erlaxazioa: material itzela dugu hemen ikasleekin erlaxazio ariketak egiteko. Mila esker berriro Antton!
-Meditazioa haurrentzat: musikakueto blogean arreta osoa lantzeko aukera zoragarria sortu diguna ere Itziarrek. Mila esker!

5. Kultura musikala: 
Banakako jarduera moduan egiteko momentuz bi proposamen hauek okurritzen zaizkit:

-Musika-tresnak: haizezkoa (Klik egin), harizkoak (Klik egin)perkusiozkoak (Klik egin)
-Konpositoreak: konpositoreen biografia laburra irakurri ondoren, informazioa fitxa batean jaso dezakete eta horiek egiten heinean liburuxka bat osatu dezakete.


Espero dut lagungarria izatea eta aprobetsatuko dut hasiera ahalik eta hoberen opatzeko. Edozein esperientziak edo ideiak ere ongietorriak izango dira. Animo guztiei! Eutsi goiari!

uztaila 17, 2020

Baskoiak eta musikaren lehenengo testigantzak.

Sarrera honen helburua da historian murgiltzea eta baskoien integratze prozesua ezagutzea, baita zer nolako musika-testigantzak aurkitu ziren testuinguru horretan. Bidaia bukatuko da XI. mendean, Euskal Herriko erabateko kristautasuna gertatu zenean, beraz, momentu aproposa iruditzen zait sarrera bukatzeko. Hortik aurrera datorrena beste sarrerarako gaia izan daiteke. Besterik gabe bagoaz denboran zehar bidaiatzera.

Erromatarrek lurraldea okupatu aurretik, bazeuden ezaugarri linguistiko amankomunak zituzten bost tribu. 

Horietako tribu bat baskoiak ziren, eta honetan euskara komunaren oinarria finkatu zen. 
Baskoiak Nafarroa osoan, Araba, Gipuzkoa eta Errioxaren zati batean kokatuak zeuden. Tribu honen erlijioak izaera femeninoa zuen Mari jainkoaren irudian.

Erdi Aroaren hasieran, bost tribu horiek batu egin ziren germaniar inbasioaren aurka egiteko eta tribu bakarra osatu zuten: baskoiak.

Iparraldeko lurraldeak frankoek okupatzen zituzten eta hegoaldean  bisigodoak zeuden. 
Baskoiek bi herri horiekin zituzten harremanak ez ziren onak, eta hiru mendetan zehar etengabeko borrokak izan zituzten.

VI. mendean, hegoaldean bisigodoek hiri gotortuak eraiki zituzten Baskoien erasoak saiesteko (Vitoria eta Olite).

VII. mendean baskoien egoera oso larria zen hegoaldetik bisigodoen presioa jasatzeaz gain, iparraldetik ere frankoen presioa jasaten zutelako. Bisigodoei aurre egiteko arazorik ez bazuten, frankoekin izandako borrokak aldiz, oso gogorrak izan ziren. 
Azken hauekin tratu batera iritsi ziren eta frankoek Genial izeneko duke bat izatera behartu zuten. 
602. urtean baskoiek independentzia galdu zuten eta frankoien agindupean Baskoniako Dukerria eratu zuten.

Dukerriak bi mende iraun zuen eta hiru aro berizten dira:

1. Lehenengoa (602-660): frankoen menpean zeuden baina baskoiek autonomia zuten haien ohiturak eta hizkuntza mantentzeko.

2. Bigarrena (660-769): akitaniar-baskoiek independentzia osoa izan zuten. 
VIII. mendean, arabiarrak penintsulan sartu zirenean hegoaldeko bisigodoen erreinua (Toledoko Erresuma) konkistatu zuten.  
Iparraldean aldiz, bi dinastia aurrez aurre ipini ziren: akitanoa eta karolingioa.

732. urtean musulmanek Pirinioetatik Europa konkistatu nahi zuten eta baskoiek haien etsaia zen Carlos Martell buruzagi karolingioarekin bat egin zuten. Poitiersko gudua ospetsuan, musulmanak menperatuak izan ziren.


Iturria: historiayguerra.net

Dinastia karolingioak baskoniako dukerriaren kontrola lortu zuen eta akitaniako dinastiari garaitu zion.
760. urtean, Pepin laburrak, Carlos Martellen semeak, 10 urte iraun zuen gerra batean dukerria menperatzea saiatu zen. 


3. Hirugarrena (769-823): Azkenik, 769. urtean, Carlo Magno enperadoreak, Pepin laburraren semeak, Baskoiko dukerria menperatzea lortu zuen. Dukerriak independentzia galdu zuen eta berreskuratzeko etengabeko borrokak gertatu ziren. 

Iturria: biografías y vidas

777. urtean Karlomagnok eta Suleyman izeneko Zaragozako gobernadoreak tratu batera iritsi ziren. Tratu horretan Karlomagnok lagunduko zion Kordobako emirra bihurtzen, eta mesede horren truke Suleymanek Zaragozako hiria emango zion.

Halere, Suleymanek ez zuen hitza bete, eta Zaragoza ukatu zion; ondorioz, Karlomagnok Suleyman bahitu egin zuen, eta itzulerako bidaian Iruñea suntsitu zuen. 
778. urtean Frantziara itzultzen ari zirenean Orreagatik pasatzerakoan baskoiek eta agian ere, armada musulmanak, Karlomagnoren ejerzitoa suntzitu zuten. Gudu hau Orreagako bataila bezala ezagutzen da. Gudua bukatzerakoan baskoiek Suleyman askatu zuten. 


Iturria: batallashistoricas.com
Zaldun franko asko hil ziren bertan, eta beraien artean Roldan, Karlomagnoren iloba. Orreagako guduaren gertaerak Europako juglareek ahoz zabaldu zuten mendeetan zehar, eta XII. mendean egile ezezagun batek kantu horiek transkribatu zituen Frantziako litaraturaren lehen lana bihurtu zirelalik; Roldanen kantaren izenaz ezagutzen dena.
Iturria: roncesvalles.es
Baskoien etengabeko matxinadek Karlomagno Asturiaseko erregearekin aliatzera bultzatu zuten.
814. urtean Karlomagno hil bazen ere, frankoek eta baskoiek borrokatzen jarraitu zuten.


824. urtean, Orreagan ere bigarren bataila bat gertatu zen. Karlomagnoren semeak, Ludovico Piok, Aznar eta Eblo kondeek zuzendutako ejerzito poteretsu bat hegoaldera bidali zuen. Berriz ere frankoek galdu zuten. Porrot honek ondorio politiko garrantzitsuak izan zituen: kondeak preso hartu zituzten. Banu Kasi, Ebroko familia musulmanaren laguntzarekin,  Eneko Aritza errege goratu eta Iruñako Erresumaren burujabea izendatu zuten. Iruñako Erresumak fede musulmanari men egin zion.


Kokagune geografikoa zela eta, Baskoiak oso berandu  kristautu egin ziren, eta Erdi Aroaren hasierako hiru mende hauetan kristianismoa eta paganismoa elkarrekin bizi izan ziren. 
Halere, kristautasuna geroz eta gehiago zabaltzen hasi zenean erritu pagano horiek apurka baztertuak izan ziren. 


Irakurri dugun moduan, Erdi Aroaren hasieran mugaldeko borrokek nagusitu zuten; egoera hori zela eta ez zen unerik aproposena kultura ereintzeko. 


IX. mendean, musikarekin lotutako lehenengo testigantzak aurkitu dira.
Leodegundia Erregina,  Asturiaseko erregearen alaba, Nafarroako erregea izango zen Fortunio Garcesekin ezkondu zen.
Ezkontza honetarako, kantu epitalamiko bat konposatu egin zen. 
Kantu honetako lehengo estrofan notazio mozarabea jasota aurkitu da eta baita instrumentu hauek aipatuak dira: zitara, tibia eta lyra. 



Mende honetan ere Kalam abeslariaren berri topatu da.

Hala eta guztiz ere, aurkikuntza hauek bitxikeriak baino besterik ez dira. 

Mendeak pasa ahala, eta Europan baino motelago, kristautasuna finkatzen eta sendotzen joan zen. 
Europako beste herrialdekin alderatuta, kantu gregoriarraren sartzea ere motela izan zen. 
XI. mendearen bukaera arte itxaron behar dugu euskal musikak benetako aldaketa jaso zezan.
Mende honen hasieran Nafarroan musika mozarabeak naguzitzen zuen. Euskaldunak liturgia mozarabera ohitutak zeuden, eta kristautasun prozesuak ekarri zituen musika-modu berri horiek oso arraroak ziren euskaldunentzat. 
XI. mendaren hasieran Alejandro II Aita Santuak, liturgia mozarabea deuseztatu nahi zuen, baina hiru apezpikuz osatutako batzorde batek Erromara eraman zituen lau liburu liturgia mozarabeaz osatutak. Erroman aztertu zituzten liburu horiek eta heresiarik gabekoak zirenez onartuak izan ziren.


Alejandro II

Onarpenak gutxi iraun zuen Alejandro IIa hil zelako. Bere oinordekoa zen Gregorio VIIak liturgia mozarabea deuseztatu zuen XI. mendearen bukaeran. Euskal Herria erabat kristautu egin zen eta musikan kantu gregoriarra erabat finkatu egin zen. 

Ikusten den bezala, XI. mendean Guido d'Arezzok asmatutako kodifikazio sistema beranduago iritsi zen Euskal Herriara. 
Lehenengo dokumentuak XI. eta XII. mendekoak dira: lerro bakarreko notazio arkaikoak. 

Hortik aurrera musikak garatzen jarritu zuen. Datozen medeetan musikak jasan zuen bilakaera agian beste sarrera batean kontatuko dut. 







Loturak:
"Música Vasca" J.A. Arana Martija
"Los vascones"Ramón Nieto
http://www.filomusica.com/filo32/medieval.html
http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/euskal-herriko-historia-erdi-aroa/ar-154220/
http://www.kondaira.net/esp/Historia0007.html

ekaina 18, 2020

Marraz-gramak

Marraz-grama izenarekin definitu nahi dut entzuketa aktibo bat burutzeko jarduera hau.
Marraz-gramen helburua da marrazki bat osatzea abestiaren esaldi musikalen egitura jarraituz trazuen bidez. 








ekaina 17, 2020

Intonazioa praktikatzeko bideoak

Bideo hauetan, oihartzunen bidez, noten irakurketa eta intonazioa praktikatuko dugu.

SOL-MI











DO-MI-SOL




DO-MI-SOL-LA




DO-RE-MI








DO-RE-MI-SOL



SI-LA-SOL



DO-RE-MI-FA-SOL







RE-MI-FA-SOL-LA




DO-RE-MI-SOL-LA-DO´
Iturria: Ainhoa Sukia


MI-FA#-SOL-LA-SI

Kodaly





apirila 27, 2020

Gernikako bonbardaketa.

Atzo, apirilak 26, 83 urte bete dira Gernika  bonbardatua izan zela. Aurten gai hau 6. mailan landu nahi nuen baina bizitzen ari garen egoera dela eta, ezin izan dugu behar bezala egin. 

Dena den, gertaera honi buruz jakin eta ausnartu dezakegu etxean gaudela eta hortaz, hemen partekatzen dizuet sortu nuen materiala. Kultura-iturri batzuk baliatuz (Francisco Escudero, Picasso eta Ken Zazpi) umeek gertaera hau ezagutu dezakete. 

Memoria historikoa ezinbestekoa da oraina eta etorkizuna  ulertzeko, iraganeko gertaerak ezagutu behar ditugu izandako erruak ez errepikatzeko, barkatzeko, injustizien kontra mugitzeko, gerren kontrako aldarrikapena egiteko...

Klikatu irudian eta iraganera bidaiatu! 



apirila 19, 2020

"Aitor Ikastolan Kantuz". Badugu bideoa!

Bideoa ikusi baino lehen, zuen inplikazioa eskertu nahiko nizueke. Asko hunkitu naiz ikustean musikari esker, nola bizi izan duzuen, nola disfrutatu duzuen, nola konpartitu duzuen eta azkenik, nola lortu dugun elkarren ondoan egotea. Horregatik, lan asko suposatu izan badu ere, milaka aldiz pena merezi izan du. Mila esker bihotzez!



martxoa 31, 2020

Aitor Ikastolan kantuz.

Kaixo familia eta lankide estimatuak!

Musikaren bidez elkarren artean egoteko proposamena hemendik ere partekatzen dizuet. Animatu parte hartzera!




martxoa 27, 2020

Udaberria iritsi da!

Kaixo familiak,

Nahiz eta etxetik ezin atera, jarduera sorta bat proposatzen dizuet udaberriari ongietorria emateko. Jarduera hauek eskolako txikiengan pentsatzen sortu baditut ere, animatzen den edonork probatu ditzake. Lau jarduera dira:  hiru bideo eta laugarrena,  jolas interaktibo batzuk.

Lehenengo bideoa ipuina da. Zenbat gauza gertatzen dira udaberrian!



Bigarren bideoa erritmograma bat da. Eskolako tresnak ez ditugunez, etxean daukagun edozein materiala erabili dezakegu erritmoa eramateko. Hau da nire proposamena:
  1. Loretxoak:  plastikozko botila eta goilara bat elkarren artean perkutitzeko.
  2. Txoriak: lapiko txikia eta goilara.
  3. Tximeletak: bi zartagin tapak txindata moduan erabiltzeko.




Hirugarren bideo honetan esku jolas bat proposatzen dizuet.


Eta azkenik jolas hauek egin ditzakezue.


Bihotzez, espero dut Vivaldiren udaberriarekin disfrutatzea!! Besarkada bat.

martxoa 19, 2020

Maitetxo itsasoan dago

Kaixo guztioi,

Ah ze egoera bizitzen ari garen, bihotzez espero dut ondo egotea! Egun hauetan espiritua alaitzeko asmoz sortu ditut "Maitetxo" abestia lantzeko hiru bideo. 

Euskal Herrian  kanta hau ezagutzen dugu Argoitia nebarrebei esker, baina jatorriz kanta eskoziarra da, Bring back my bonnie to me izeneko kanta herrikoia
Ingelesez bertsio asko dauden arren, euskaraz nik dakidala ez daude asko. Sortu dudana espero dut gustuko izatea eta gozatzea.

Lehenengo bideoan nik abesten dut (ahotsa); bigarrenean aldiz, isil-isilik egongo naiz  zuen txanda baita (karaokea); eta azkenengoan gorputz perkusioa egiteko proposamen bat prestatu dizuet.







otsaila 10, 2020

Perkusioa goilarekin

Goilarak folklorean oso erabiliak diren tresnak dira. Askotan ikus ditzakegu trikitilariekin batera jota, fandango eta arin-arinetan.

Ez naiz aditua, baina salseatzen oinarrizko erritmo batzuk ikasi ditut eta zuekin konpartitu nahi dut. Egingarriak iruditzen zaizkit eta gelan gure musika herrikoia lantzen dugunean modu honetan egitea oso polita izan daiteke. Tutorial honetan ikasi dudana konpartitzen dizuet: aholkuak eta zenbait oinarrizko erritmo.

Eta hoberena ikasitakoa praktikan jartzea denez, fandango honetan proba dezakezue. Aupa zuek!

urtarrila 21, 2020

urtarrila 10, 2020

"Ibiliz ibiliz". Haur-hezkuntzarako abesti aproposa.

Badago Mexikon arreta goiztiarrako gune bat, Centro Nathán deritzona non abesti asko sortu dituzte umeekin lantzeko. Horien artean asko gustatzen zaidanetako bat "Lento muy lento" da. Animatu naiz euskaratzera eta "Ibiliz ibiliz" deitu diot. Oinarrizko mugimendu motoreak lantzeko oso egokia da eta gainera gure eskolako txikiei pila bat disfrutatzen dute. 




Bideo honetan Maria Jose Sanchezek egiten duen proposamena asko gustatzen zait. Mugimenduak lantzeaz gain, erritmo koordinaketa ere garatzen du. 
Bide batez, aprobetsatuko dut  haren yotubeko kanala gomendatzeko ideia piiiiiiila dituelako eta gainera oso-oso onak.