azaroa 17, 2019

Euskal kanal berria youtuben erritmogramekin.

Zelako aurkikuntza, Youtebeko kanal berri bat haur-hezkuntzara zuzenduta erritmogramekin! Niretzat baliabide hauek mundialak dira erritmo koordinazioa eta irakurketa lantzeko eta baita entzunaldi klasikoak ezagutarazteko. Halere, sortu ditudanak lehen-hezkuntzarako dira eta hutsunea ikusten nuen haur-hezkuntzan.  Zelako poza hartu dudan beraren materialen berri izan dudanean. 

Baliabideak sortzeak gure komunitatea aberasten du, eta haur-hezkuntza gutxien osatuta dagoen esparrua da nere ustez, horregatik pozteko gauza da.

Kanal honen egilea Bea Garcia Rodriguez da, arreta goiztiarran aditua. Hementxe joan zaitezte haren kanalera irudian klikatzen baduzue:
Bea zoriondu nahi dut egin dituen bideoak oso zainduak eta txukunak direlako. Flipatu dut bideoen aurkezpenekin, pasada bat dira.

Hiru bideo ditu, bata boomwackers ala kanpaiekin egiteko, bestea "El toreador" Bizetena eta hemen jarri dudana "Orduen dantza". 
Askotan txikiei fantasiako "Orduen dantza" bideoa jartzen diet; beraz, erritmograma honekin entzunaldia jarduera aktibo bihurtuko dugu. Mila mila esker, Bea!! Segi bideoak egiten meseeeeeeee!!!!!



urria 24, 2019

"Bach-en Minuettoa" erritmograma.

Hirugarren mailan 3/4 konpasa lantzen dugu eta erritmograma hau oso aproposa da erritmo hirutarra barneratzeko.
Minuettoa musika-tresnekin jo baino lehen,  binaka jarrita egiten dugu bata bestearekin eskuak kolpatuz modu honetan: 

1-izterra (azentua)
2-txalo (pultsua)
3-eskuak elkar kolpatuz (pultsua)


 


iraila 25, 2019

Asanblada musikala haur-hezkuntzan.

Zuekin konpartitu nahi dut aurten martxan jarri dudan asanblada musikala. Momentuz 5 urtekoekin martxan jarri dut, baina  aurrerantzean 4 urtekoekin ere egiteko ideia daukat. Asanblada hau egiteko instrumentuaz baliatu naiz.
Lurrean aeronfix gardenarekin itsatsita, musika-tresnak jarri ditut familiaka antolatutak:

  • Haizezkoak: arrosa kolorekin
  • Harizkoak: urdina kolorekin
  • Perkusioa: berdea kolorekin

Instrumentuek markatzen dute ikasle bakoitzaren esertokia, baina jakiteko bakoitzari zein instrumentu egokitu zaion, zerrenda hau erabiltzen dugu. Ezkerreko zerrenda A taldeari dagokio , eta eskuinekoa B taldeari.


Polita da ikustea nola gelan sartzerakoan jotzen duten zerrendara bere tokia gogoratzeko, edo beraien artean elkar laguntzen dira tokia aurkitzeko: "Zu tronpeta zara!".

Zerrenda horretan ere arduraduna nor den ikusten da, beraz bakoitza oso ondo kokatzen da gelan sartzerakoan eta momentu horretako "kaosa" saihestu dezakegu. 

Ikasle bakoitza bere tokian dagoenean, ordenean eta txandaka, bakoitzari egokitu zaion instrumentuaren izena esaten hasten da. Saioa aurrera eramaten dugu eta amaitu baino bost minututxo lehenago, arduradunaren instrumentuaren bideoa ikusten dugu.

Instrumentuen izenak ongi ikasi dutela ikusterakoan, tokiz aldatuko ditut.

Momentuz gehiagorik ez zait bururatu, baina uste dut baliabide honek jokua emango digutela!

ZER EGITEN DU ARDURADUNAK?
Nire ondoan eseritzen da eta sol giltzako lepoko bat ipintzen du. 
  • Horman dagoen sol giltza errepasatzen du. 
  • Kantatzen dugunean, bere bi abesti faboritoenak aukeratzen ditu eta gitarra txikitxo bat ere jotzen du.
  • Musika-tresnak banatu eta jaso egiten ditu.
  • Gelatik ateratzean hilarako bigarrena da (gelako arduraduna lehenengoa da).
Bueno, honeraino iritsi da zuekin konpartitu nahi nuena. Esperientziaren bat kontatu nahi baduzue, antzeko zerbait egiten duzuelako edo zeharo desberdin eta primeran funtzionatzen zaizuena ba.... nik entzuteko eta ikasteko prest nago! Badakizue gu garela musika-irakasleak bere bakardadean... beraz animatzen zaituztet konpartitzera!

iraila 20, 2019

"Merkatu persiar batean" erritmograma.

Erritmograma honekin oinarrizko irudi erritmikoak errepasatuko ditugu: kortxeak, beltzak, zuriak eta haien isiltasunak.

iraila 13, 2019

"Baba Yaga" erritmograma.

Baba Yaga, Mussorgskyren "Erakusketa baten koadroak" obra osatzen duten margoetako bat da. Pieza laburra eta indar handikoa da eta gelan guztiz bizitzeko asmoz erritmograma hau sortu dut. Goza dezazuela espero dut!


 

maiatza 25, 2019

Alostorrea

J.A. Arana Martijak dion bezala, Alostorrea musika eta letra batera dakarren euskal kantarik zaharrenetako bat da. Kanta hau eresi bat da eta bertan Alosen gertatutako zoritxarreko gertaerak kontatzen dira:

Alostorrea Debako etxe nagusi baten izena zen. Bertako jauna, Beltran Perez de Alos, bi aldiz ezkondu zen.Lehenengo emaztearekin alaba bat izan zuen, Uxue izenekoa.
Alargundu zenean, Alos jauna berriro ezkondu zen. Alosek, biziki maite zuen Uxue, baina emazte berriak berriz, ez zuen batere maite.

Halako batean, Beltran Perez de Alos jaunak, gerrara joan izan behar zuen.  
Gerran zela, emaztearen eskutitz bat jaso zuen. Bertan Uxue, alaba maite hark, sasikume bat, hau da, aitorik gabeko haurr bat izan zuela esaten zion.
Beltran jauna triste, etxera itzuli zen.
Dorrea begien bistan zuela, zuzenean etxeratu ordez, taberna batera joatea pentsatu zuen. Afaltzen ari zela, bi gizon sartu ziren ozenki hitz egiten. 
Jaioberri horri buruz hitz egiten ari ziren eta batek Alos jaunaren emaztearen antza handia zuela esaten zuen.

Beltranek hau entzun zuenean, egia jakin behar zuela erabaki zuen.
Honela bada, hilkutxa baten barruan sartzea bere ezpatarekin eta gisa horretan etxera eramateko agindua eman zien haren gizonei.

Alostorrea senidez eta lagunez bete egin zen, denak negar batean. Txandaka, denak pasatu ziren hilkutxaren aurretik hildakoari azken agurra emateko.

Uxueren txanda iritsi zenean, aitari musu bat eman zion kopetan. Gero, bertso batzuk kantatu zituen dorrean jaiotako haurraren jatorria adierazten zutenak: haren emaztea eta haren lehengusu "Bela Beltza"rean zena, alegia.

"Bela Beltza" ere bertan zen, eta bertsoak entzun zituenenan Uxue hiltzeko asmoz hurbildu zen.
Beltran de Alos jauna, bere hilkutxatik jaikiz, ezpata hartu eta "Bela Beltza" hil zuen.



ABESTIA HEMEN klikatuz deskargatu dezakezue. 

Abesti hau orain dela urte mordo topatu nuen interneten. Instituto bateko ikasle batzuek egindakoa da. Tamalez gaur egun ez dut gogoratzen institutoaren izena eta ezin dut lotura aurkitu interneten. Norbaitek honen berri izango balu, pila bat eskertuko nioke edozein informazio. Lan bikaina egin zuten eta merezi duten aipamena egin nahiko nieke.



Azpian dagoen dokumentua Debako udalak sortu zuen materiala da Alostorreko kondairaren inguruan.

Iturria: Debako udala





maiatza 02, 2019

"My Sharona" Proposamen erritmikoa.

"My Sharona" The Knack taldearen kantarik ospetsuena da. 1979an argitararu zen eta oso kanta potentea da, nire faboritoenetako bat.

Praktikatuko eta biziko dugu proposamen honen bidez. Beharko dugun materiala bitxia eta sinplea da: irakurtzen zaudeten liburu bat, bi errotulagailu eta kartulina. Arraro xamar, ezta?

Zin dagizuet emaitza kuriosoa eta dibertigarria dela, bideo honetan ikus dezakezuen moduan, eta animatuta bazaudete denbora galdu gabe has gaitezke!



Hemen daude abestian zehar egin beharko ditugun erritmo guztiak bukle moduan, beraz lehenengotik hasi eta ongi ateratzerakoan hurrengoa saiatu! Ispilu moduan daude, errezagoa izan dadin ;-)



martxoa 20, 2019

Ostinatoa

Eskema musikal baten etengabeko errepikapenean datza ostinatoa. Batzutan errepikatzen dena melodia zati bat izan daiteke ala erritmo bat; besteetan melodia eta erritmoa nahastuta izan daitezke ostinatoa osatzen dutenak. Abesti ospetsu honetan oso ongi antzeman dezakegu ostinatoa. Hasieran agertzen da eta abesti osoan zehar luzatuko da.





Orain gure txanda iritsi da eta musika-tresnak hartuta ostinato erritmiko batzuk praktikatuko ditugu bideo honi esker!

martxoa 07, 2019

"Can can" Offenbach. Proposamen erritmikoa

Jacques Offenbach  Alemanian jaiotako konpositorea eta biolontxelojolea izan zen. Halere, denborakin Frantzian nazionalizatu zen. Opera komikoaren asmatzailea izateaz gain, eragin handiko konpositorea izan zen XIX. mendean.

Bi proposamen erritmiko hauek Offenbachen Orfeus infernuan operako zatirik ezagunenari dagozkie. Perkujole bihurtu beharko zarete bi bertsio hauei aurre egiteko; bata bestea baino zailagoa.
Beraz, makilak hartu eta hasi probatzen! Ziur nago pila disfrutatuko duzuela, nik behintzat oso ondo pasatu dut! Animatu eta kontatu ea zer moduz moldatu zareten!


otsaila 19, 2019

"Pailazoen dantza". Erritmograma

Hemen disfrutatu dezakezue Felix Mendelssohnen musikaz erritmograma honen bidez. 
"Pailazoen dantza", Uda gau bateko ametsa obraren zati bat da. Animatzen zarete?


Felix Mendelssohn. "Uda gau bateko ametsa"

Felix Mendelsson konpositore alemaniar bat izan zen, eta bere ahizpa Fanny bezala, ume prodigioa. Hamaika urtekin piano eta biolinarako hirukote eta sonata bat idatzi zituen.


"Uda gau bateko ametsa" William Shakespearek idatzitako komediarik ospetsuena da eta Felixek bere nerabezaroan obra hau irakurri ondoren harentzako obra-musikal bat idaztea erabaki zuen. 17 urte zituela obra honentzako Obertura bat konposatu zuen. 

17 urte beranduago Prusiako enperadoreak antzerki-lan horrentzako musika osoa idaztea enkargatu zion eta Felixek musika-lan horri osotasuna eman zion: Oberturatik aparte, beste hamabi mugimendu gehiago idatzi zituen orkestrako atalak zein ahotsarenak tartekatuz. Hauetatik guztietatik ezagunen diren mugimenduak hauek dira: Scherzo, Marcha Nupcial, Intermezzo eta Nocturno.

Ipuin labur honetan ezagutuko duzue Shakesperen istorioa, baita Mendelssonhnek idatzitako musikaren erakusketa bat.



otsaila 15, 2019

Fanny Mendelssohn

Talentu handikoa den erromantizismoko konpositore baten sarrera bat prestatzen ari naiz, zein Mozart bezala, ume prodigioa izan zen. Felix Mendelssohneri buruz ari naiz, eta haren gaitasun handiak disziplinari eta lanari esker garatuak izan ziren haren haurtzaroan. 

Halere, Felixeri buruz hitz egin baino lehen, haren ahizparen bizitza kontatu nahi dizuet:  Fanny Mendelssohn, Felix baino gaitasun gehiago izan zituen neskak.

Garai horretan,  XIX. mendean, emakumezkoa ala gizonezkoa jaiotzeak pertsona baten etorkizuna baldintzatzen zuen.
Abraham, Fanny eta Felixen aita, haren luxuzko etxean kontzertu batzuk antolatzen hasi zen. "Igande Musikalak" deitzen ziren eta bertan, gure anai-arrebek publikoaren aurrean jotzen zuten.
Abrahamen asmoa Felixen etorkizuneko ibilbide profesionala musikari bezala poliki-poliki zabaltzea zen. 
Hala eta guztiz ere, Fannyrekiko zuen asmoa zeharo desberdina zen. Aitaren hitzetan, inoiz ezingo zuen musiko profesionala bilakatu, andre baten tokia etxe barruan egon behar zuelako. Fannyren talentu miresgarri hori etorkizuneko senarrari atsegin egiteko baino besterik ez luke balioko. Ikaragarria, ezta?
Baina ez pentsatu Abraham gaiztoa zela. Asko maite zuen bere alaba, eta bere ustearen arabera erabaki hori Fanyrentzat hoberena zen. Beraz, Fannyren gaitasun musikalak ez ziren kaleratzen, bere sormena etxe barruan geratzen zen.

Bitartean, Felix musikari handia bilakatzen hasi zen, eta Fannyrekiko zuen miresmena handia zenez, eskeintzen zituen kontzertuetan Fannyk asmatutako obrak interpretatzen hasi zen bere lanak izango balira bezala. Obra horiek oso harrera ona izan zuten publikoaren aurrean. Izan ere, Viktoria Erreginaren aurrean kontzertu bat egin behar izan zuenean Erreginak gehien estimatzen zuen musika-lana jotzea agindu zion. Lan hori ITALIANA deitzen zen, Fannyk asmatutakoa. Felixek Erreginari aitortu behar izan zion musika-lan hori bere ahiazparena zela.
Denbora pasa ahala, Fannyk ezkondu eta ume bat izan zuen.  Hori zela eta, musika alde batera utzi behar izan zuen. Halere, urte batzuk pasa ondoren, garai batean etxean egiten zituzten "Igande Musikalak" berreskuratzea erabaki zuen. Instrumentu-joleak eta abeslariak elkartu zituen eta musika-talde horren zuzendari bihurtu zen. 
Kontzertu horiek Berlinen oso arrakastatsuak bihurtu ziren eta Fanny bere konpositore faboritoen lanak, anaiarenak barne, eszenaratzen zituen. Alabaina, arrakasta gehien lortzen zuenean berak asmatutako musika interpretatzerakoan zen.
Kontzertu horietara Paganini, Liszt ala Clara Schuman bezalako musikari handiak bertaratzen ziren.
Bere aita hiltzerakoan, tristura sakonean amildu zen eta igandeko kontzertuak bertan behera utzi zituen. 
Indarrak berreskuratu zituenean  Felixeri laguntza eskatu zion idatzitako obra musikal batzuk interpreta zitzan. Hala ere, denboraren poderioz Felixen pentsamendua garai hartako baloreetara moldatu zen eta aitaren ustea bezala, andre baten tokia etxean egon behar zuela esan zion.
Fannyk ez zuen amorerik eman eta berriz, etxeko "Igande musikalak" berreskuratu zituen. Berriz, Berlineko bizitza kulturalari bultzada bat ematea lortu zuen.

1840. urtean haren bizitzako ametsa bete zuen: Italiara bidaiatzea. Italian zela, bera bezalako musikari handiak ezagutu zituen eta bueltatzerakoan idarberrituta eta idei musikalaz beteta zegoen. 32 urte zituela bere lehenengo kontzertua eskaini zuen etxeko esparrutik kanpo. 
Ikus dezakegun moduan, bi anai-arreben errealitateak oso desberdinak izan ziren.  Felixek 13 urte zituen bere lehenengo kontzertua eskeini zuenean

Fannyk emandako kontzertu horretan, Felixen Pianorako 1. kontzertua jo zuen. Emakume bat musiko profesional gisa eremu pribatutik kanpo kontzertu bat eskaintzen! Garai hartako arau eta balore zorrotzak apurtu egin zituen Fannyk!

1846. urtean bere konposiziorik onena idatzi zuen: biolinarako, pianorako eta txelorako hirukotea (opus 11). 
Tamalez, urte bat pasa ondoren garun-infarto baten ondorioz hil egin zen. 41 urte zituen.

Felixen tristura ikaragarria izan zen eta ezin izan zuen gainditu. Musika idazteari utzi zuen eta hortik gutxira buruko isuri bat izan zuen. Bost hilabete eta gero, ahizpa bezala hil egin zuen.

Iturria: ATENEAS

otsaila 04, 2019

Untxitxoak

Hemen partekatzen dut beste kanta bat haur-hezkuntzan lantzeko. Gitarrarekin landu izan dut baina bila eta bila Youtuben oinarri instrumental batekin topatu naiz, ze suerte! eta horrela askoz itsurosoago gelditzen da, jeje.

Txikiei asko gustatzen zaie, eta dantzatzeko aukera ere ematen digu. Gainera, gelara pelutxezko untxitxo bat eramaten badugu, guztiz zoratuko dira! 

urtarrila 14, 2019

Baga, biga, higa. Instrumentazioa

Orain dela denbora bat, Donostiako Orfeoiak eta Euskadiko Orkestrak eskeinitako kontzertu batean, berriz Baga, biga, higa bertsio sinfonikoa entzuteko aukera izan nuen. Eta buuufff!!! oilo ipurdi jarri zitzaidan!! Gure Mikelen ordez abeslari batek haren papera hartu zuen eta bene-benetan bazidurien Mikel gurekin zegoela. Ikaragarri benetan!

Horren ostean, musika-lan hori geletara eramateko gogo izugarri piztu zitzaidan eta Mikel Laboaren kontzertu hori bilatu ondoren lanean jarri nintzen. Gure eskolan poxpolina jotzen dugunez poxpolinarako bertsio bat prestatu dut, baina txirula jotzaileentzat ere beste bat sortu dut. Bat eginda, moldaketa txiki batzuk baino besterik ez nituen egin behar. 

Haizezko tresnaz gain, triangelua, plaka-instrumentuak eta kaxa ala kuboak erabiltzeko pentsatuta dago. Egitekotan, espero dut asko disfrutatzea!



urtarrila 07, 2019

Kaldereroak

Esku batean danborrak eta bestean zartaginak. Jesus! Hau bai dela eskola hasteko modurik onena!


Danborrada

Oporretatik bueltatu eta musika-gela zapaldu bezain laister danborrada prestatzen hasi behar dugu. Gustora gainera, danborraz perkusioa egiteko aitzaki onena daukagu eskola osoan!

Hementxe uzten dizuet ANA HUARTEk "entzunaldiaktiboak" blogean sortu duen Danborradaren inguruko SCAPE ROOM. Oso-oso ondo dago. Sarriegiren bizitzan murgiltzeaz gain, doinuekin hainbat jarduera proposatzen dizkigu. Mila esker altxor hau sortzeagatik!! 

Irudian klikatu eta scape-roomera iritsiko zarete: