abuztua 28, 2018

Irakasle koadernoa.

Badira urte batzuk erabiltzen dudala irakasle-koaderno pertsonalizatua eta ikasturtean zehar urrezko liburuan bihurtzen da. Gogoratzen dut hasi nintzenean dena koaderno normal batean idazten nuela eta ah, ze kakanahaste!! denborarekin gauzak probatzen joan naiz eta gaur egun badut ongi funzionatzen zaidan koaderno bat: dena batean. Espezialistok ikasle asko ditugu, ia eskola osoa, eta dena antolatuta eramatea ezinbestekoa da.

Norbaiteri erabilgarria izango zaiolakoan hemen uzten dizuet nire koadernoa. Azalduko dizuet zertan datza:

  • Egutegia: koadernoak ez du azalarik, bakoitzak pertsonaliza dezala, beraz hasieran, azala ostean egutegia txertatzen dut. Hemen eskolak antolatzen dituen ekintza osagarriak edo ospakizunak, besteak beste, apuntatzen ditut.
  • Ordutegia: musikako ordutegia. Eskolak banatzen duenean, moztu eta hemen itsasten dut.
  • Bilerak: ziklokoak edo klaustroak. PDF honetan orri bakarra dagoen arren, zuen ustez behar dituzuen fotokopiak atera.
  • Egin beharrekoa: Oso desordenatua naiz eta beti horrelako gauzak edozein tokitan idatzi izan dut... eskuan, ticket batean, koaderno desberdinetan... hau da, eskura nuen edozerretan, eta noski, gero izerdi egitera gogoratzen ez nuelako!!! Orain behingoz dena idazten dut toki berdinean eta ataza bukatzen dudanean, "x" batez markatzen dut.
  • Eskolako informazioa: telefonoak, ordanagailuko klabeak, patio-zaintzak.... garrantzizko informazioa
  • Asteko programazioa: lehenengo orriak programatzeko balio du eta bestean, "oharrak" jartzen duen orrian, maila batzuetan (ez guztietan, espezialistaren bizitza ez du ematen!!) gertatzen den deigarriena idazten dut. PDFan hiruhileko bakoitzako bi orri daude, idea da behar diren guztiak fotokopiatzea.
  • Ebaluazioa: normalean, ebaluazio orriekin beste koadernotxo bat egiten dut, niretzako erosoagoa da. Lau alderdi ebaluatzen ditut:
           1. Entzumena: entzunaldiak, musikogramak, musika-tresnen tinbrea....
           2. Adierazpena: ahotsa, gorputz-perkusioa, musika-tresnak, mugimendua eta dantza.
           3. Teoria: musika-mintzaira eta kultura musikala.
           4. Jarrera.

Musika-gelako ardurak.

Haur-hezkuntzan arduradunaren irudia oso normala da, baita musika-saiotan, baina lehen-hezkuntzara iristen direnean irudi hori, musika-gelan behintzat, desagertzen da.

Musika-gelan lan asko egiteko dago eta gainera maila bakoitzak bere programa eramaten du. Maila batean musika-tresnak erabili badira, beharbada hurrengoan jarduerak zeharo desberdinak dira eta askotan nire burua ikusi izan dut gauzak ateratzen, banatzen eta jasotzen; hau da, ni gelditu gabe...
Gainera, beti pentsatu izan dut neronek eginez gero azkarrago joango nintzela, eta asteko saio bakarra aprobetsatzeko modurik onena zela! 

Halere, ikasleak beti prest daude horrelako lanak egiteko, baina normalean beti berdinak dira lagundu nahi dutenak, eta bestalde, badira beste batzuk inoiz ez direla boluntarioak azaltzen; hau ere ez zitzaidan gustatzen eta ez nekien nola sustatu ikasle pasibo horien inplikazioa.

Formula batekin topatu naiz. Nik egiten ditudan lanen artean hauek dira ikasleak egin daitezkenak:
  • Makinista: gelatik lehenengo ateratzen izango da. Gela pasillotik isiltasunean joan behar duela zainduko du eta horretarako txartel bat eramango du:
  • Material arduraduna: adura hau egiten dut baldin eta ikasle-materiala musika-gelan dagoen. Bi ikasle izango dira eta gelako materiala banatzeaz arduratuko dira: koadernoak, arkatzak, borragomak, orriak... lanerako behar dena.
  • Instrumentuen arduradunak: bi ikasle izango dira eta praktika instrumentalean behar diren instrumentuak ateratzeaz eta jasotzeaz arduratuko dira.
  •  Azkena: gelatik azkena aterako da. Musika-gela jasota gelditu dela behatu behar du eta tokiz kanpo dauden objektuak jasotzeaz arduratuko da. Dena prest egongo denean,  irakasleari  eskuz “OK” keinua eginez, dena ongi dagoela adieraziko dio. Momentu honetan gela arruntera abiatuko gara. 

Eta nola kudeatzen dut hau guztia? Arbelean txartel hauek finko ipintzen ditut eta ikasle-zerrenda hartuta, astero makinista-ardura dagokionari zerrendan markatzen dut. Bere izena arbelean idazten dut baita atzetik datozen beste ikasleen izenak. Modu honetan gelako guztiek parte hartuko dute.



abuztua 27, 2018

Juan de Anchieta.

Aurreko sarreran berpizkundean egon gara. Sarrera hori irakurri duzuenok badakizue hitz egin dizuedala euskarazko kanta zaharrenari buruz, Jançu Janto, Errege Katolikoen Jauregiko Kantutegian jasota.

Gaur, errege horien gortean lan egin zuen konpositore bati buruzko informazio dakart. Haren konposizioak ere kantutegi horretan jasotzen dira. Bere izena Juan de Anchieta da.



1462 urte inguruan Azpeitian jaio zen eta Ignazio Loiolakoaren familiakoa zen. Jendeak esaten duen bezalaxe... mundua zapitxo bat da!!

Errege Katolikoei musika asko gustatzen zitzaiela esan dezakegu eta haien gortean musika asko egiten zen.
Isabel Katolikoa erreginak abesbatza bat zeukan, eta bertan Juan de Anchietak abesten zuen. Anchieta hainbeste gustatu zitzaion erreginari,  haren semearen, Juan printzea, musika irakaslea izendatu zuela.

Isabel erregina hiltzean, haren alaba Juana Eroa Gaztelako erregina bihurtu zen. Gaztela garai horretan erreinu handia eta inportantea zen eta Anchieta Juana Eroaren musikaria izatera pasatu zen.
Juana Felipe Ederrarekin ezkonduta zegoen eta Belgikako jauregi batean bizi ziren; beraz, Anchietak Belgikara bidaitu zuen.

Juanaren bizitza ikaragarria izan zen... Badakizue zergatik deitzen zioten Eroa? Felipe Ederrarekin zeharo maiteminduta zegoelako. Hura, izenak dion bezala, oso-oso guapoa zen; halere, ez zuen Juana batere maitatzen eta ez zion kasurik egiten. Egoera hau dela medio, Juana oso gaizki sentitzen zen.

Feliperi bakarrik gauza bat interesatzen zitzaion Juanarengandik: Gaztelako koroa. Beraz, Juanari buruzko gauza oso itsusiak esaten hasi zen, eroa zegoela besteak beste. Gendeak sinistu zion eta Juana erotzat hartu zuten.

Juana Tordesillaseko jauregian giltzaperatua egon zen ia 50 urtez. Ikaragarria, ezta? Baina aizue! Anchietari buruz ari garela! Anchieta itxialdi horretan 4 urtez Juanaren musikaria izan zen. Aurrerago, 1512. urtean, Fernando Katolikoaren gortera pasa zen.

Ikusten duzuenez ez zen gelditu! Zahartzaroan Azpeitira erretiratu zen eta jaio zen herrian hil zen.

Hemen uzten dizuet haren "villancico"rik ezagunena: Con amores, la mi madre.


abuztua 22, 2018

abuztua 21, 2018

"Jançu Janto" Euskarazko kantarik zaharrenetako bat.

Informazio iturri desberdinetan irakurriz aurkikuntza honekin egin dut topo. Ez bada euskarak duen kantarik zaharrena, zaharrenetariko bat bai behintzat.  Zaharrenak Erdi Aroaren bukaerakoak dira: Alostorrea eta Berterretxeren Khantoria, 1434-1449 urte bitartekoak.
Iturria: Jose Antonio Arana Martija "Música Vasca"

Halere, sarrera honetan eta izenburuak dion bezala, "Jançu Janto"ri protagonismoa emango diot. 
Euskarazko kanta honen jatorria aurkitzeko Errege Katolikoen gortera bidaiatu behar dugu;  XVI. mendearen hasieran gaude.

"Jançu Janto" Palazioko Musika Kantutegiari dagokio. Kantutegi hau eskuidatzi bat da non Errege hauen gortean abesten ziren kantak jasotzen diren. Kanta hauek gorteko festak alaitzeko erabiltzen ziren eta gehienak erderaz daude. Bi aurkitu dira euskerazko esaldi batzuk dituztenak eta bi hauetatik bat "Jançu Janto" da. 

Gorteko "kopistak" kantu hauen transkripzioaz arduratzen ziren eta euskera tutik ulertzen ez zutenez, ahal zutena idazten zuten; horregatik testua ez da batere ulertzen. 

Jançu Janto, dego de Garçigorreta,
Jançu Janto dego de Garçigorrá.
Arre chacorra çei degueçu, gavian dani levari,
Maria Roche çerca mora en cantar viçerraco,
es naqui en Artajona por do Gurgurengoá,
por do pasa Ochoá candia jaroa por do veroá
vero vero veroá Estangurria rrico va.

Beherago, "accento" web-orrian kanta honen partitura topatu dut. Auskalo! beharbada XVI. mendeko abesti hau XXI. mendeko eskoletan entzuten dugu!
iturriak: http://hedatuz.euskomedia.org/7143/1/13059065.pdf
https://www.santelmomuseoa.eus/index.php?option=com_flexicontent&view=items&id=119&Itemid=30&lang=es&idn=15492



iturria: accento.es

abuztua 14, 2018

Soinuaren IRAUPENA

Orain dela urte batzuk istorio honekin topatu nintzen. Jatorrizko izena "Anastasio y la granja" da eta txikiekin soinuaren IRAUPENA lantzeko erabili izan dut.
Suena suena  metodoan (Elena Huidobro eta Natalia Villela) agertzen den ipuin bat da eta bermoldaketa egin ondoren bideo honetan euskarazko bertsioa izango dugu.


Nola landu iraupena proposamen honetan?

1. saioa
Ipuina ezagutu ondoren denon artean animalien soinuak imitatuko ditugu txartel hauen bidez:
Soinuekin jolastu eta gero, gela bost taldetan banatuko dugu. Talde bakoitzak txartel bat eramango du egokitu zaion animalian bihurtzeko.

Irakaslea Tomas izango da begiak itxita dituela, eta ikasleek deituko diote aurkitu diezaien. Ipuinean bezala behiak hasiko dira; rolak alda daitezke.

Ondoren, "Tomas baserrian" abestia ikasiko dugu.

Abestia deskargatu dezakezue hemen:

Tomas baserritarra itsua da,
eta animalia guztiak zaintzen ditu.
Nola jakin, nora joan,
nola jakin, nora joan,
ba animalien laguntzaz.

Zaldiak I-I-I
Astoa IA-IA
Behiak MU-MU-MU
Txerriak KURRIN-KURRIN

2. saioa
Ipuina eta abestia gogoratzen dugu eta jolas bat egiten dugu.
Jolas honetarako eta ikasle kopuruaren arabera, animalien hirukoteak edo laukoteak prestatzen ditut ikasleen artean banatzeko. 

Ikasleek begiak tapatuta eraman behar dute eta bakoitzari egokitu zaion animaliaren soinua egin behar du; horrela, entzumenaren bidez aurkitu eta elkartu behar dira.

Hauek dira txartelak, aurrekoak bezalakoak baina txikiagoak:



3. saioa
Kanta errepasatzen dugu eta animalien soinuen iraupenari atentzioa ematen diogu. 
Konturatzen gara soinu batzuk luzeak direla eta beste batzuk motzak. Azalpenaren ondoren bideo hau ikusiko dugu:


Berriz bideoa ikusten dugu, baina orain ikasle bakoitzari orri zuri bat banatuko zaio. Soinua luzea denean lerro luze bat marraztuko dute, eta soinua motza denean puntutxoak egingo dituzte.

4. saioa
Kantarekin hasten gara eta ekintza honekin bukatzeko, bideoaren audioa berriz erabiliko dugu fitxa hau egiteko. Animalien soinuak ezagutzeaz gain, soinu bakoitzaren iraupena marraztu beharko dute.